AKTUALITATEA


| 2021-07-13 11:45:00

Gizarte Zerbitzuetako foru diputatua, bere taldearekin batera, Axpuruko basozainaren etxe zaharra bisitatu aurretik, eraikin horretan Eguneko Arretarako Landa Zentro bat irekitzeko laguntza eta erraztasunak emateko eskatu dio EH Bilduk. Duela egun gutxi, Gizarte Zerbitzuen Batzordeak Asparrena, Donemiliaga, Barrundia eta Zalduondoko bizilagunei zerbitzua emango dien eraikina ezagutzeko aukera izan zuen. Baina, udal horiek behin baino gehiagotan salatu duten bezala Arabako Foru Aldundiak oztopoak bain ez ditu jarri eta tratu diskriminatzailea izatea leporatu diote.

 

Izan ere, Zerbitzu Sozialen Sailak ziurtatu du ez dagoela behar adinako eskaerarik eta sistematikoki ukatzen dituzte egin beharreko erreformetarako diru-laguntzak, 50.000 bat eurokoak direnak. Hala ere, Asparrengo, Donemiliagako, Barrundiako eta Zalduondoko udalek zentro hori irekitzeko borondate osoa erakutsi dute. Egon badago txosten tekniko bat, Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuaren bertsioa gezurtatzen duena, eta ondorioztatzen duena zazpi eskaera sinatu direla dagoeneko zentro horretara joateko, abian jartzen denean.

 

Gaur egun 33 plaza daude Arabako Lautadan: 10 Asparrenan, 10 Agurainen eta 13 Dulantzin. Txosten horretan jasotzen denez, artatuko dituen lau udalen erroldan (Asparrena, Zalduondo, Donemiliaga, Barrundia) 65 urtetik gorako 436 pertsona daude. Horietatik 44k beteko lituzkete CRAD bat eskatzeko baldintzak, mendekotasunaren balorazioa eskatu ondoren. Aurkeztutako datuak kontuan hartuta, eta kontuan izanda CRAD zerbitzua “zerbitzu integratzailea, prebentziozkoa, laguntzakoa eta komunitarioa dela, adineko pertsonak beren gizarte-ingurunean egoteko joera duena”, txostenak ondorioztatzen du “egokia” dela Axpurun zentro berri bat abian jartzea, “kokapen ezin hobea baita erabiltzaileen beharrei erantzuteko”.

 

Ez da lehen aldia udalerri horietako ordezkariek zentro hori abian jartzeko eskatzen dutela. Duela gutxi Arabako Batzar Nagusietara joan ziren. Izan ere, 2019ko otsailean, Gizarte Zerbitzuen arloko arduradunek eraikina bisitatu zuten eta, bilera haren ondorioz, bainu batean hobekuntza txikiak egin, igogailua jarri eta altzariak erosi behar zirela erabaki zen. Horren guztiaren aurrekontua 50.000 euro ingurukoa da. Hala ere, Donemiliagako Udalak egindako eskaera eta errekerimendu guztiak ukatu egin dira, GOFEk eta Udalak eguneko zentro hori kudeatzeko hitzarmenik sinatu ez dutela alegatuz.