AKTUALITATEA


| 2023-02-16 10:52:00

Datorren astelehenean legealdi honetako azken aurrekontuak eztabaidatu eta onartuko dira Bastidan, eta EH Bilduk babestuko egingo ditu, aurrekontu-proiektuan hainbat proposamen sartu ondoren. Guztira, 2,3 milioi euro izango ditu Bastidak. EH Bilduren proposamenen artean, 40.000 euro daude frontoia konpontzeko. Bastidan asko erabiltzen den gunea da, kirol zein gizarte mailan, eta teilatua, kantxa, zerbitzuak eta aldagelak eraberritu eta konpondu behar dira.

Bestalde, beste 10.000 euro bideratuko dira Bastidan eta Buradon Gatzagan energia-komunitateak sortzeko proiektura, udalerriko energia-trantsizioan aurrera egitea ahalbidetuko lukeen proiektua. Gatzaga Buradonek, gainera, beste 80.000 euro jasoko ditu EH Bilduk eta EAJk legegintzaldiaren hasieran sinatutako akordioaren baitan, Udalak administrazio batzarrari egin beharreko ekarpenak handitzeko.

Bestalde, 2.000 euro euskararen erabilera sustatzeko erabiliko dira, eta beste 2.500 euro memoria historikorako. Joan den abenduan errepresaliatu guztien omenezko plaza eta mural bat inauguratu ziren eta orain jarduera horri jarraipena eman nahi zaio.

EH Bilduren ekimenez, herriko jaietarako, kultur jardueretarako eta berdintasun programetarako partidak ere handitu egin dira. Guztira, 136.000 euro erabiliko dira, hasieran aurreikusitakoak baino 31.000 euro gehiago. Azkenik, 4.000 euro tokiko merkataritza sustatzeko eta 1.500 euro irakurketa sustatzeko programa bat abian jartzeko dira EH Bilduk 2023ko kontuei egindako beste ekarpenak.