AKTUALITATEA


| 2021-07-09 10:36:00

EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan eta Arabako Foru Aldundian Ernaberri Aiaraldea eskualdeko suspertze sozioekonomikorako ibilbide-orria erregistratu du gaur. Arabako Foru Aldundiak 24 milioi euro Eusko Jaurlaritzak Aiaraldeko bederatzi udalerritara bideratzea erabaki behar du, Berpiztu Planaren barruan. Degradatutako eremuak sozioekonomikoki suspertzeko plana da, eta bi urtean ezarri behar da.

 

Egoera horren aurrean, Arabako Foru Aldundiak idazkaritza teknikoa kontratatzeko deialdia egin du, plan estrategiko hau egiteko, hau da, proiektua aztertu, landu, alderatu eta onartzeko. 97 S&F enpresak eskuratu du kontratu hori, gutxienez 10 urtez lizitazio publikoak manipulatu zituzten kartelak eratzeagatik CNMCk zigortu zuen 22 enpresetatik  bat

 

Kike Fdez de Pinedok eta Ahinize Solaunek eskualdeko eragile politiko, sozial eta ekonomikoekin inbertsio horiei ekiteko planak partekatzeko eskatu diote Foru Gobernuari. “Dirudienez ez dute planik, enpresa pribatu baten esku utzi dutelako plana egitea, eta bi urteko epean inbertsio horiek eginda egon behar dute”, kritikatu dute.

 

Aiaraldea sustatzeko zuzendaritza bateratu bat sortzea; altzairutegiak, galdategiak eta industria traktoreak modernizatzea; lurzoruak eta industria-eraikinak berreskuratzea; turismo jasangarria sustatzea; Nerbioiko parke lineala amaitzea; etxebizitzak birgaitzea eta hiri-guneak birsortzea; eta sukalde zentraleko sistema bat sortzea dira zortzi proiektu horiek.

 

 

Inbertsiorik handiena, guztira 6 milioi eurokoa, altzairutegiak, galdategiak eta industria traktoreak modernizatzeko planteatzen da, horrela energia-kontsumoa eta co2-isuriak murrizteko, hondar-beroa berreskuratzeko eta energia berriztagarriak in situ ekoiztu eta kontsumitzeko. Beste 5 milioi euro lurzoruak eta industria-eraikinak berreskuratzeko erabiliko dira. Horren adibide dira Lavesa, Cortasa, Valvospain, Gama edo Somolsako kokaleku zaharrak. Kokaleku horiek berreskuratu egin behar dira etxebizitza-, ekipamendu- eta aisialdi-eremu gisa berrerabiltzeko edo, bestela, industria-proiektu berriak bertan kokatzeko. Kasu honetan, EH Bildu dibertsifikazioaren eta ekonomia zirkularra bultzatzearen alde dago. Hala, birziklapena eta berrerabilpena bultzatu behar direla planteatu du, eta teknologia berriek eta osagai elektronikoek sortzen  dituzten materia kritikoak birziklatuz gune berri bat irekitzeko apustua egin du.

 

Bestalde, 3,5 milioi euro erabiliko dira etxebizitzak zaharberritzeko eta hiri-gune degradatuak birsortzeko. Birgaitze energetiko pasiboa eta aktiboa, irisgarritasuna hobetzea, hiri-ingurune degradatuetan inbertsioak egitea eta ondare historikoan eta hirigune historikoetan esku-hartzea dira pakete horren ardatzak.

 

Beste 5,5 milioi euro turismo jasangarria sustatzeko eta Nerbioiko parke lineala amaitzeko erabiliko lirateke. Lehenengo kasuan, ekoturismoarekin eta landa-turismoarekin lotuta, aisialdi-bainurako urmaelak, camping ekologikoak eta Nerbioiko parke linealarekin loturak sortzea planteatzen da. Bigarren kasuan, ibilbide nagusian Delika eta Amurrio arteko lotunea bukatzeaz gain, meandroak berreskuratzea eta gainerako berdeguneak egokitzea ere proposatzen da.

 

Azkenik, eskualdeko jantoki kolektiboak eta bestelako beharrak dituzten herritarrak elikagai osasungarriz hornitzeko asmoz sukalde zentral bat sortzea eta Aiaraldea sustatu eta garatzeko zuzendaritza bateratua sortzea ere planteatzen da.