AKTUALITATEA


| 2023-01-17 10:55:00

Araba. 2023-01-17 | EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos batzarkide taldeek Arabako foru suhiltzaileen ordezkaritza sindikalaren agerraldia eskatu dute Lurralde Orekako Batzordean, egoera operatibo eta laboralaren berri eman dezaten.

Joan den astean bildu zen Lurralde Orekako Batzordea eta bertan agerraldia egin zuten Laudioko parkeko langileek, eurek hala eskatuta. Parkean baliabide eta langile gehiago eskatu zituzten, sarritan gainezka egoten baitira. Horrez gain, arloko diputatuak ere agerraldia egin zuen, aldi baterako langileak egonkortzeko azken Enplegu Publikoko Eskaintzan izandako emaitza kaxkarren balorazioa egiteko.

Hori dela eta, taldeek suhiltzaileen beste agerraldi bat egiteko beharra ikusi dute, lehen eskutik langileen bertsioa ezagutzeko. Izan ere, diputatuak emandako azalpenak ez datoz bat langileek egindako salaketekin eta, gainera, kezka orokorra adierazi dute bai EH Bilduk eta bai Elkarrekin-Podemosek erakundearen egoera soziolaboralari dagokionez.