Araba

Albisteak

EH Bilduk erantzukizunak eskatu dizkio Foru Gobernuari basurdeen uxaketak baimentzen dituen Foru Aginduaren inguruan, hori egitean irregulartasun ugari izan direla egiaztatu ondoren


Iñaki Ullibarri: “Nekazaritza Sailak marra gorriak gainditu ditu agindu hau egiterakoan, batere beharrezkoak ez diren probintzien arteko mugimenduak ahalbidetuz eta pandemiaren bigarren olatuaren erdian arrisku potentzial larria sortuz”.

| 2020-11-20 08:30:00

Irregulartasun ugari egiaztatu ostean, EH Bilduk erantzukizunak eskatu dizkio Aldundiari basurdeen uxaldiak baimendu dituen Foru Aginduaren inguruan. Izan ere, EH Bilduren ustez, Aginako jeltzaleak zuzentzen duen eta Araban basurdeen uxaldiak baimendu dituen Nekazaritza Sailaren Foru Agindua "akats juridiko larrien pilaketa da, eta diputatuak hurrengo Kontrol Osoko Bilkuran azaldu beharko du".

Iñaki Ullibarri batzarkideak azpimarratu duenez, azaroaren 11ko Foru Agindua hurrengo asteburuan sartu zen indarrean, nahiz eta holako aginduek eskatzen duten derrigorrezko argitalpena azaroaren 18ra arte ez zen gertatu. Gainera, EH Bilduk salatu duenez, Aldundiak ez zien inolako jakinarazpenik egin herritarrei neurri horri buruz, Arabako mendietan ehiza larria egitea ahalbidetzen badu ere, eta horrek arrisku erantsia eta eragozpenak sortu zizkien joan den asteburuan hainbat menditara joan ziren eta ehiztari talde handiekin topo egin zuten pertsonei.

Agindu horren bidez, diputatuak eta bere taldeak "beharrezko jarduera" gisa deklaratu zuten basurdearen ehiza. Hori, ordea, EAEko lehendakariaren ahalmena baino ez da. "Alarma-estatua kudeatzeko ezarritako lege-esparrua urratu dute, argi uzten baitu Espainiako Gobernuak horretarako eskuordetutako agintaritza bakarra Lehendakariarena dela", adierazi du Iñaki Ullibarrik.

Aldundiak Arabako ehiztariei lurralde osoan mugitzeko baimena emateaz gain, beste probintzia batzuetako ehiztariak, mugakideak ez direnak barne, Arabara ehizatzera joateko baimena eman zien, bere kabuz eta bere kasa, horretarako araugintza-gaitasunik izan ez arren. "Aldundiak kolpe batez ezabatu ditu agintari eskudunek ezarritako erkidegoetako eta probintzietako perimetro-konfinamenduak", gaineratu du Ullibarrik.

"Nekazaritza Saila azken urteotan garatzen ari den kudeaketa negargarriaren hamaikagarren kapituluaren aurrean gaude, irregulartasunak bata bestearen atzetik pilatzen ari baitzaizkio. Ez Aginako jaunak, ez Ahaldun Nagusiak, ez Foru Gobernuan dagoen inork, ez dute inolako gaitasunik edo borondaterik arduragabekeria kate honi aurre egiteko", adierazi du Ullibarrik.