AKTUALITATEA


| 2021-10-02 10:51:00

EH Bilduk gaur bildu du Aguraingo Harresi Aretoan Arabako Batzarra. Bertan, 70 bat bilkide elkartu dira eta ikasurteko plan politikoari izan dute hizpide. Pandemiak utzitako ondorio sozioekonomikoei aurre egiteaz gain, hiru dira EH Bilduren ustez lehentasunez heldu behar zaien erronkak: ekoizpen eta kontsumo ereduaren eraldaketa, trantsizio energetikoa eta kalitatezko zaintzen sistema berreskuratzea. Ildo horretan, akordio zabaletara heltzeko deia egin die EH Bilduk beste alderdi politikoei, sindikatuei zein eragileei.

 

Ibon San Saturnino Arabako Arduradun Politikoak azaldu duenez, “gure esku dago etorkizun justuagoa, iraunkorragoa eta oparoagoa eraikitzeko gai izatea” eta epe labur eta ertainean herrialdearen norabidea eta hurrengo belaunaldien etorkizuna definituko duten eraldaketa-prozesu sakonak emango dira. Agertoki berri horren aurrean, EH Bilduk argi du norabidea. Arlo sozioekonomikoan, EH Bilduk ekoizpen-sarearen dibertsifikazioaren aldeko apustua egin du eta ildo horretan, besteak beste, mugikortasunerako bigarren belaunaldiko bateriak garatzea eta ekoiztea, lehengai kritikoak birziklatzea, Arabako polo bioteknologikoa bultzatzea eta Ernaberri Aiaraldea plana dira EH Bilduk norabide horretan egindako proposamenetako batzuk. Merkataritzari dagokionez, tokiko merkataritzan eta kontsumoaren aldeko premiazko neurriak hartu behar direla ohartarazi du eta lehen sektoreari lotutako Nekazaritzako Elikagaien Plana egiteko konpromisoa hartu du.

 

Bestalde, trantsizio energetikoari premiaz heldu behar zaiola azpimarratu du San Saturninok berriro ere. “Badirudi dagoen plan bakarra Arabako lurpetik gasa ateratzea zela, eta uko egin ostean ez dagoela ibilbide-orririk, ezta kudeatzeko gaitasunik ere. Berandu eta gaizki iritsi dira. Premiazkoa da trantsizio energetikoa abian jartzea gure herrialdean, baina askoz premiazkoagoa da gutxieneko adostasun bat lortzea igaro beharreko bideari buruz: adostasuna, helburuak, estrategia eta mekanismoak ezarriko dituena eta hasitako bideak atzera bueltarik ez duela bermatuko duena. Araba zero Karbono plana EH Bilduren ekarpena da lurzoru komun horren bilaketan”, azaldu du.

 

Zaintzen arloan, herritar guztiei bizitza osoa eta duina errazteko erronkak, beren bizi-ibilbide osoan, gero eta zaharragoak diren gurea bezalako gizarteetan, sistemaren noraeza iraultzera eta inflexio-puntu bat ezarri behar dela defendatu du, gizarte-babeseko sistemari berriro kalitatea emateko prozesuari ekinez. Ildo horretan, EH Bilduk ere bere ekarpena egin zuen Bizion planarekin.