Araba

Albisteak

EH Bilduk Diputatuen Kongresura eraman du Arabako Alestis lantegiaren inguruan duen kezka


Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak erakunde guztien inplikazioa azpimarratu du sektorean odolustea saihesteko, bereziki enpresan akzio publikoak dituen SEPI enpresa publikoari dagokionez.

| 2020-12-19 10:59:00

EH Bildu-k galdera sorta bat erregistratu du Diputatuen Kongresuan, Alestisek Miñaon (Araba) duen lantegiaren inguruan. Galdera horien bidez, "Plan Teknologiko Aeronautikoa" izeneko Espainiako Gobernuaren planari buruz jakin nahi du EH Bildu-k, Alestiseko lantegiei eta, bereziki, Miñaoko Arabako lantegiari buruz. Horrez gain, kaleratzeak egiteko erabiltzen diren irizpideen jarraipena egiten ari ote den SEPIn ere galdetuko du –honek akzio publikoak dituelako enpresan bertan-, edo enpresak berriz abiarazteko, kontratazio berriak eginez gero, kaleratutako pertsonak berriz kontratatzera behartuta egongo ote diren.

Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako diputatuak gogorarazi duenez, sektore hori zigortuenetakoa izaten ari da Araban pandemiak eragindako krisiaren ondorioz. Izan ere, Alestiseko lantegian 85 kaleratze izan dira guztira orain arte: enpresan 15 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten pertsonak edo horietako gehienak lanaldia murriztuta dutenak. Azkenik, Ruiz de Pinedok erakunde guztien inplikazioa azpimarratu du, sektorean odolustea saihesteko.