Araba

Albisteak

EH Bilduk autogintzaren sektorearen etorkizuna aztertzeko ponentzia bat sortzea proposatu du Arabako Batzar Nagusietan


EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean atzera bota ondoren, EH Bilduren ustez, foru ganberak lurraldearen motorra den sektore baten oraina eta etorkizuna aztertu behar ditu.

| 2020-12-30 09:46:00

EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan ponentzia bat sortzea proposatu du, autogintzaren sektorearen etorkizuna aztertzeko. Horren helburua honako hau litzateke: “eragile publiko, pribatu, enpresarial eta sindikalekiko elkarrizketa areagotzea, eta indarrak bateratzeko ibilbide-orri baten inguruan lerrokatzea, hain garrantzitsua den sektore horretan industria-lidergoari eta enpleguari eusteko”. EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean antzeko ekimena atzera botatzen zutela ikusi ondoren hartu du ekimena EH Bilduk.

Alde horretatik, EH Bilduren esanetan, autogintzak 20.000 milioi euro eta 800.000 enplegu sortzen ditu, horietatik 40.000 EAEn, hau da, industria-enpleguaren %20 eta guztizko enpleguaren %4. Araban, Mercedesek bakarrik zuzenean 4.800 eta 5.000 artean langile ditu, eta 1.100 pertsona gehiago azpikontraten bidez; Michelinek, berriz, 3.300 langile ditu. “Bistan da sektoreak gure lurraldean duen garrantzia, gure industriak automozioarekiko duen mendekotasuna ezaguna den bezala”, nabarmendu du EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile Kike Fdez de Pinedok.

Horregatik, Fdez de Pinedok kritikatu egin du EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean izan duten jarrera. “PSErentzat nahikoa da Madrilgo Gobernuak abian jarri duen automozio-mahaia; EAJk, berriz, Tapia sailburuak gutuna bidali zion arlo horretako ministroari, estrategia partekatua eskatuz. Bistan da EBB ez dela lurralde honen etorkizunak kezkatzen, Foru Gobernua errealitate horrekiko sentikorragoa izatea espero dugu. Gure ustez, 80ko hamarkadako industria-birmoldaketan erakundeen inplikazioa funtsezkoa izan bazen, orain gauza bera gertatu behar da” gaineratu du EH Bilduren Batzar Nagusietako bozeramaileak.

EH Bilduren ustez, sektorearen etorkizuna ez da batere ziurra. Kalkulatzen da sektoreak 100.000 lanpostu galduko dituela Europan 2021ean bakarrik. Hain zuzen, Mercedesek jakinarazi du ez dituela berrituko lantegian aldi baterako lan egiten zuten 500 pertsonak. Bestalde, agerikoa da mugikortasunaren inguruan aldaketa garrantzitsuak izango direla. EH Bilduren ustez, automobilgintzaren etorkizuna elektrifikaziotik, mugikortasunaren aldaketetatik eta ibilgailuen digitalizazioan izango den jauzi kualitatibotik pasako da.

Sektorearen etorkizuna honako hau dela uste dugu: ekoizpen-sarea berrantolatzea, I+G+B biderkatzea, softwarearen garapenean aurrera egitea, auto elektrikoentzako barne-merkatu bat garatzea, mugikortasun publiko alternatibo eta jasangarri berriak garatzea, herrialde honetan baterien ikerketa-, ekoizpen- eta fabrikazio-zentro bat jartzearen aldeko apustua egitea, fabrikazio-eredu adimendunak ezartzea, hezkuntza-sistemaren eta sektoreko beharrizan berrien arteko bizikidetza sendotzea, eta, batez ere, elkarrizketa areagotzea” laburbildu du Fdez de Pinedok.

EH Bilduren Batzar Nagusietan jada erregistratu den ekimenak planteatzen du ponentzia honek 2021eko lehen seihilekoan bere lanak egitea, bertan enpresek, enpresa-elkarteek, sindikatuek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta beste pertsona aditu batzuek parte hartzea eta adostutako ibilbide-orria egiteko oinarria izatea.