AKTUALITATEA


| 2022-05-24 12:14:00

EH Bilduk mozio bat erregistratu du gaur Arabako Batzar Nagusietan, Foru Aldundiari eskatzeko aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako pisu pilotu bat gaitzea. Zerbitzu horren helburua da dibertsitate funtzionala duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzea eta, gainera, zaintzaileei eguneroko zaintza-lanetatik atseden hartzeko aukera ematea.

Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkideak zehaztu ditu ekimenaren helburuak: «Batetik, zaintzaileak denbora pertsonala izatea atsedenerako, errekuperaziorako, aisialdirako eta autozainketarako, eta, bestetik, dibertsitate funtzionala duten pertsonek beren autonomia pertsonala eta garapenerako trebetasunak sustatzea ingurune komunitarioan, eta ingurune berri batera egokitzeko gaitasuna garatzea».

Zaintzaileak zaintzea

Zerbitzu hori proposatu zuen EH Bildu Arabak BiziON-Aniztasun funtzionala plana aurkeztu zuenean, eta gainera, gizarte-zerbitzuen prestazioen zorroari buruzko dekretuan jasotakoen artean dago. Zehazki, aldi baterako egonaldiak eskaintzen dira bigarren mailako arretako zerbitzuetan, hau da, egoitza-zentroetan, eguneko zentroetan... Gaur egun, Foru Erakundeak plazak gordetzen ditu Arabako 7 foru-zentrotan, dibertsitate funtzionala dutenek erabiltzeko.

Venceslaoren arabera, proposamenak aniztasun funtzionala duten pertsonen beharrak eta zaintzaileenak arinduko lituzke: «Zaintzen duena zaintzearen garrantziaren aurrean, dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko beste urrats bat ematea proposatzen dugu»; izan ere, pisu horrek «azpiegitura propioa du, eskatzen duten familiei modu egonkor eta iraunkorrean arreta emango diena», amaitu du Venceslaok.