AKTUALITATEA


| 2021-03-17 10:42:00

EH Bilduk Iturrietan, Arkamon, Labrazan eta Azazetan abiatu diren zentral eolikoak geldiaraztea defendatuko du bihar Eusko Legebiltzarrean. Horrela jasota dago biharko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozio batean. Izan ere, EH Bilduren ustez, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu bitartean, abiatu edo iragarri diren tramitazio guztiak bertan behar utzi behar dira berriztagarrien kontsentsuzko hedapen ordenatu bat lortze aldera.  

 

EH Bilduk Larrialdi klimatikoaren testuinguruan Jaurlaritzari energia berriztagarrien “hedapen arduratsu, ordenatu eta sendoa bultzatzea” defendatuko du. Horregatik, gogor kritikatu du abian jarri diren proiektuak.  Guztira lau dira (Iturrietan, Arkamon, Labrazan eta Azazetan) eta “plan argirik” ez egoteaz gain, babestuta dauden eremuetan kokatzen direla gogoratu du.

 

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, berriztagarrien inplementazioak gidaritza publikoa behar du, plan zehatz baten arabera egin behar da eta, nola ez, ahalik eta adostasun politiko sozial eta instituzional handiena behar du. Hori lortzeko bitarteko eta mekanismoak aurkeztu ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

 

2009an Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Energia Eolikoaren Sektoreko Lurralde Plana eguneratzeko eta, bitartean, aurreikusitako zentral eoliko guztiak geldiarazteko. Gaur egun, Eusko Jaurlaritza ari da plan hori prestatzen, eta, beraz, EH Bilduk ez du begi onez ikusten inolako proiekturik martxan jartzea. Bien bitartean, Arabako kasuan, energia berriztagarrien garapenerako planak berak, Mugarri Planak, eremu horiek baztertzen ditu eolikoak ezartzeko.

 

Azkenik, EH Bilduk energia berriztagarrien hedapenaren aurrean, “herri akordio” bat aldarrikatu du zehazteko beharrak eta esklusio eremuak zeintzuk diren. “Agerikoa da erronka itzela dela, kontsumoa jaitsi behar dugula, erregai fosilen beherakada bultzatu behar dugula eta berriztagarrien hedapen bat abian jarri behar dugula baina Eusko Jaurlaritza gaizki ari da eta adostasuna bilatzen ez badu talka batean amaituko du honek”, esan du Oterok.