Araba

Albisteak

EH Bilduk Arabako Lautadako Kuadrillako aurrekontua 78.000 eurotan handitzea proposatu du


“Lautadako Euskararen Komunitatearekin” elkarlan-hitzarmena onartzea ezinbestekoa izango da EH Bilduk 2021eko aurrekontuei babesa emateko

| 2021-01-13 12:58:00

EH Bilduk Arabako Lautadako Kuadrillako aurrekontua 78.000 eurotik gora handitzea proposatuko du. Euskara bultzatzea, oinarrizko gizarte zerbitzuak indartzea eta Abiadura Handiko Trenaren egungo proiektuaren aurka egitea helburu duten hainbat zuzenketaren bidez egingo du hori. Eztabaida gaur, asteazkena, arratsaldean izango da.

 

Diru partidarik handiena, 37.700 eurokoa, datorren urtean Euskaraldia bezalako ekimenak elkarlanean antolatzeko eta garatzeko da. Euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, Lautadako Euskararen Komunitatearekin elkarlan hitzarmena onartzea planteatzen da. Izan ere, orain arte, Udalek zuten hitzarmenen bitartez garatu da hau baina EAJk gobernatzen duten hainbat udaletan sortu den ziurgabetasunaren aurrean, Lautadako Kuadrillatik bultzatzea plantatzen da. Horretarako, biztanle bakoitzeko 2,9 euro bideratzea proposatuko da. Hori izango da hain zuzen, EH Bilduk aurrekontuak babesteko jarriko duen ezinbesteko baldintza.

 

Beste 26.000 euro Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak indartzeko dira eta horretarako, lanaldi erdian, administrari lanak egingo dituen pertsona bat gehiago kontratatzera planteatzen da. Horrez gain, beste 12.300 euro aurreikusten dira lanpostuen zerrenda berraztertu eta langileen eskaera ezberdinei erantzuteko.

 

Azkenik, EH Bilduk 2.000 euroko partida bat sartu du, Sustapen Ministerioak Arabako Lautadan inposatu nahi duen Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren aurkako jarduerak eta sentsibilizazio kanpainak bultzatzeko. Eskualdeko bizilagunek behin baino gehiagotan erakutsi dute proiektu horren aurka daudela, eta, aldi berean, tren publiko eta sozial bat eskatu dute, bertako herritarren mugikortasun beharrei erantzuteko.