EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Aldundiak 2030a baino lehen Araban jaten dugunaren %25a tokikoa izatea lortuko duen Elikadura Kontseilua martxan jar dezan. Horretarako, EH Bilduk Elikadura Kontseilu bat sortzea proposatu du -Aldundiaren, toki-erakundeen, sindikatuen, elkarteen eta kooperatiben partaidetzarekin-, nekazaritzako elikagaien estrategia zehaztu eta koordinatzeko eta Araban ekoizpen- eta kontsumo-eredu egokienak sustatzeko.
Kike Fdz de Pinedok eta Eva Lopez de Arroyabek adierazi dutenez, anbizio handiagoa behar da. Horregatik, Nekazaritza Sailaren barruko eremu berri bat irekitzea proposatu dute, elikadura-politikaren sistemari buruz hausnartzeko eta "funtsezkotzat" jo duten helburu bat lortzeko: elikadura-subiranotasunerantz aurrera egitea, trantsizio agroekologikoak erraztea eta jantoki publikoetan tokiko elikagai osasuntsuak eta sasoikoak sustatzea. Helburua litzateke 2030erako tokiko elikagaien bidez autohornikuntza lortzea, %25 ingurukoa, 2040ra %75era iritsiz. Europako Batasunak berak hurbileko elikagaiak sustatzea jarri du helburutzat, eta, horrez gain, 2030erako estatu kideetan nekazaritzaren %25 ekologikoa izatea.
Mozioak, halaber, Eskalmendi zentroa berrikuntza, ikerketa eta I+G+b gune gisa indartzeko premia jasotzen du, trantsizio agroekologikoak babestu eta hobetzeko. "Gune honek prestakuntza eskaini behar die nekazariei, ustiategien bideragarritasuna bermatzeko eta errazteko, elikagaien kalitatea eta prezio duina sustatuz", adierazi du Lopez de Arroyabek.
Araba, aukera ezin hobeak dituen lurraldea
Lopez de Arroyabe kezkatuta dago Arabako nekazaritzaren egungo egoerarekin: "Sektorea krisi estruktural batean dago, eta, beraz, NPB berriak alternatibak eskaintzeko balio dezake, bai sektorean sartu nahi duten pertsonei, bai jaki osasuntsuak, tokikoak eta kalitatezkoak modu kontzientean kontsumitu nahi dituztenei. Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren apustu bakarra proiektu inkoherenteak bultzatzea da, hala nola Tuestako makroberotegiak. Horretara dator proposamen hau, benetako alternatibak eskaintzera eta elikagaiak ekoizten dituztenak eta Arabako herrietan lan egitearen aldeko apustua egiten dutenak ahalduntzera".
Fdz de Pinedok eta Lopez de Arroyabek azpimarratu dutenez, Araban aukera paregabeak daude nekazaritzako elikagaien estrategia iraunkorra garatzeko. Eta hori justifikatu dute, besteak beste, lurraldearen aniztasuna eta bertako nekazaritza-espazioak egokiak direlako: "Gizarteak gero eta kontzientzia handiagoa du tokiko elikadura osasungarriaren alde, eta gero eta talde gehiago daude dinamika horretan: Lautadako Landa Garapenerako Elkartea, Durrumako eraldaketa-eremua, Araiako eguneko zentroko jantokia eta gero eta eskaera gehiago daude jantokietan eta, oro har, gizartean tokiko elikagaiak sartzeko".
Amaitzeko, EH Bilduk azpimarratu du estrategiak arrakasta izan dezan garrantzitsua dela Gasteiz eta Araba lotzea, sektorearen eta gizartearen arteko lankidetzaren eta aliantzen bidez. Izan ere, kontsumitzaile gehienak hiriburuan daude, eta ez da ahaztu behar azken urteotan Gasteizek nekazaritzako elikagaien estrategia propioa onartuta duela eta abian jartzeko garaia dela.