AKTUALITATEA


| 2022-03-14 11:26:00

Ziurtatu du mila plaza inguruko defizita dagoela, eta hori kontzertazioaren bidez konpondu behar dela, baliabide publiko berriak sortzen diren bitartean.

Gogora ekarri du gobernatzen duen tokietan zerbitzu berriak jarri dituela martxan, hala nola Axpuru eta Argantzongo CRADak.

Foru Aldundiaren titularitateko adinekoentzako egoitzetan aringarrien unitateak sortzea eta Santiago Ospitalean egokituko den aringarrien unitatea handitzea ere proposatu du.

Araba. 2022-03-14. EH Bilduk Añanan, Mendialdean eta Gorbeialdean adinekoentzako hiru egoitza publiko berri sortzea proposatu du, baita desgaitasuna duten adinekoentzako beste bi zentro irekitzea ere Gasteizen eta Aiaraldean. Bizi ON planaren esparruan planteatzen duen neurriak dira, eskualdez eskualde dauden baliabideak aztertu ondoren. Azterketa horren ondorioz, EH Bilduk egiaztatu du Arabako lau eskualdetan (Gorbeialdea, Añana, Mendialdea eta Trebiñu) ez dagoela plaza publiko bakar bat ere, ez adinekoentzako egoitzetan, ez eguneko zentroetan. EH Bilduren kalkuluen arabera, 1.000 plaza inguruko defizita dago, eta hori plazak kontzertatuz konpondu behar da, baliabide publiko berriak sortzen diren bitartean.

Claudia Venceslao EH Bilduko Arabako Batzar Nagusietako prokuradoreak adierazi duenez, “landa eremuan adineko biztanleen multzoak gora egiten duen bitartean, gizarte baliabideak ez dira neurri berean hazten”. Berarekin batera egon dira agerraldian Erika Letamendi Donemiliagako alkatea eta Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkatea. Bi udalerri horietan Eguneko Arretarako Landa Zentroak (CRADak) jarri dira martxan. Lehenengo kasuan, laster hasiko dira obrak Axpurun, eta Arabako Foru Aldundiari eskatu diote hitzarmena sinatzea hura finantzatzeko, lurraldeko gainerako baliabideekin egiten den bezala. Bigarren kasuan, udalbatzak argi berdea eman dio ospitale zaharrean baliabide hori sortzeari. Ziurtatu dutenez, “gobernatzen dugun tokietan zerbitzuak bultzatzen ari gara gure eskumenen esparruan”. Bastidan ere, eguneko arretarako landa-zentro bat sortzea aztertzen ari da EH Bildu.

Añanako, Mendialdeko eta Gorbeialdeko adinekoentzako hiru egoitzekin batera, Laudioko San Roke egoitza handitzea eta Oion eta Samaniegoko foru-egoitzetan hobekuntzak egitea proposatu du EH Bilduk. “Profesionalen salaketak argiak dira: zentroak zaharkituta geratu dira, laguntza teknikorik ez dago eta egoiliarren profila aldatu egin da”, adierazi du Venceslaok. Horregatik, talde ibiltari bat sortzea planteatzen dute, fisioterapia, errehabilitazioa edo psikologia bezalako zerbitzuak emateko.

Adineko pertsonentzako bi egoitza Aiaraldean eta Gasteizen

Era berean, EH Bilduk nabarmendu du desgaitasuna duten adinekoentzako bi egoitza berri sortu behar direla, eta horiek Gasteizen eta Aiaraldean egon beharko luketela, bertako biztanle kopurua aintzat hartuta. Gaineratu dutenez, “ekimen horren bidez, lurraldeko defizit historiko bati irtenbidea emango litzaioke, hau da, desgaitasuna duten pertsonak artatzeari 65 urte betetzen dituztenean, eta, gainera, arreta publikoaren bidez erantzun behar zaio horri”. Aiaraldean, Gorbeialdean eta Mendialdean sukalde zentralak sortzeak borobiltzen du EH Bilduren proposamena.

Hobekuntzak aringarrien arretan

Bestalde, arlo soziosanitarioan, EH Bilduk premiazkoa ikusten du aringarrien arretari kalitatezko erantzuna ematea. Izan ere, urtero, 700 arabarrek zainketa aringarriak behar dituzte, eta, une honetan, ez dago ez unitate espezializaturik, ez zentro espezializaturik haiei arreta emateko. Aurreikuspenen arabera, udaberrian Santiago Ospitalean 12 ohe izango dituen unitate espezializatu bat sortuko da, baina kopuru hori ez da nahikoa izango. Kontuan izan behar da Álava klinika zaharreko hogei oheak itxi zirenetik Lezara bideratzen direla pazienteak. Hori dela eta, EH Bilduk proposatu du foru jabetzako adinekoentzako egoitzetan aringarrien unitateak sortzea, eta Santiago Ospitalean egokituko den aringarrien unitatea handitzea.