AKTUALITATEA


| 2021-12-10 11:32:00

Arabako aurrekontuetarako ia 19 milioi euroko zuzenketak aurkeztu ditu gaur EH Bildu Arabak, 83 partida ezberdinetan. Horrez gain, osoko emendakina ere aurkeztu dute, “Arabak behar duen norabide aldaketa ez duelako jasotzen 2022ko aurrekontu proiektuak”, Kike Fernandez de Pinedo taldearen bozeramailearen esanetan. 

Norabide aldaketa horrek lau ardatzetan izan beharko luke isla, EH Bilduren ustez: trantsizio energetikoan, gizarte politiketan, arlo sozioekonomikoan eta gobernantzan. Lau ardatz horiek oinarri hartuta proposamena aurkeztu genion Ramiro Gonzalezen gobernuari, baina EH Bilduk ez zuen kontraprosamenik jaso. “Hasieratik bertatik susmatu genuen borondaterik ez zegoela, eta aurreko astean susmo hori egiaztatu genuen, Gobernuak negoziaziorako inolako proposamenik luzatu ez zigunean”, adierazi du Fernandez de Pinedok.

Partida zehatzak

Osoko emendakina aurkeztea erabaki zuen EH Bilduk, baita 83 emendakin ere. Horien artean, nabarmentzekoak dira aipaturiko lau ardatz estrategikoetan aurkeztutako proposamenak, baita bestelakoak ere, hala nola garapenerako lankidetzako partida aurrekontuaren % 0,7raino igotzea, berdintasun zerbitzua indartzea edota Lanbide Heziketan euskarazko praktikak egiteko funtsa sortzea. 

Arloz arloko partidei dagokienez, nekazaritzan eta ingurumenean, Laudioko hiltegia berriz irekitzeko partida eta kuadrilletan bilketa selektiboa sustatzekoa jaso ditu EH Bilduk, besteak beste. Lurralde kohesioan, despopulazioaren aurkako partida bat eta Iekorako saihesbidearen proiektua egiteko kopurua ere jaso dituzte zuzenketan. Tokiko kultur sortzaileak eta emakumezko sortzaileak babesteko partidak, osasun mentalari buruzko sentsibilizaziorako eta gizarte bazterketan daudenentzako baliabideak handitzea ere proposatu du EH Bildu Arabak.

 

ARLOZ ARLOKO PARTIDA NABARMENAK

  • Lehendakaritza

Garapenerako lankidetzako partida % 0,7raino igotzea

Berdintasun zerbitzua indartzea: 144.500€

Euskara: Lanbide Heziketan euskarazko praktiketarako funtsa sortzea: 50.000€; euskalgintzaren jardueretarako partida 100.000 euroan handitzea. 

  • Nekazaritza

Laudioko hiltegia irekitzeko partida: 1.000.000€

Trantsizio agroekologikorako eta laboreak dibertsifikatzeko plana: 600.000€

  • Ingurumena

Kuadrilletan bilketa selektiboa sustatzea: 1.000.000€

Autokontsumoa etxebizitzetan eta enpresetan zabaltzea: 1.500.000€

Ibaien emari ekologikoa hobetzeko plana: 200.000€

  • Lurralde oreka eta ekonomia garapena

Despopulazioaren aurkako plana: 500.000€

  • Bide azpiegiturak

Iekorako saihesbidearen proiektua egitea: 50.000€

  • Kultura

Tokiko kultur emanaldiak sustatzeko programa: 150.000€

Emakume sortzaileen beka: 20.000€

  • Gazteriaren foru erakundea

Osasun mentalari buruzko sentsibilizaziorako partida: 30.000€

  • Gizarte zerbitzuak

Gaixotasun mentalak dituztenentzako baliabideak: 100.000€

Gizarte bazterketan daudenentzako baliabideak: 100.000€