AKTUALITATEA


| 2021-06-23 13:27:00

EH Bilduk apustu sendoa egin du gaur Gasteiztik pasatzen den trenbidea lurperatzeko, abiadura handiko trenaren zain egon gabe. Ibon San Saturnino EH Bildu Arabako Arduradun politikoak azaldu duenez “azken 25 urteotan milimetro aurreratu ez izanaren erantzukizuna EAJ, PSE eta PPko gobernuen ezgaitasunaren eta apustu irmo baten faltaren ondorioa izan da”. Zentzu horretan, iragarri du EH Bilduk lanean jarraituko duela hiri osoan lurperatze bat lortzeko eta herrialderako mugikortasun elektrifikatu iraunkorraren eredua bultzatzeko. Hala, aldiriko trena bultzatuko du Miranda-Altsasu korridorean, eta, gainera, bi geraleku osagarri egokitzea planteatzen du Salburuan eta Zabalganan.

 

San Saturninok azpimarratu duenez trenbideko korridorea lurperatzea funtsezkoa da hiriaren etorkizunerako, eta duela hamar urte EH Bilduk proposatu zuela egungo ibilbidean lurperatzea hiru fasetan:  Zabalgana, erdigunea eta Salburua zela. “Lurperatzeari buruzko eztabaida AHTren eztabaida baino lehenagokoa da, korridorea bihar bertan lurperatu ahal izango litzateke, nahiz eta AHTa urte batzuk geroago iritsi”, gaineratu du.

 

Izendatu berri den EH Bildu Arabako arduradun politikoak adierazpenak egin ditu Arabako Koordinazio Taldeak EH Bilduko Koordinatzaile Nagusia Arnaldo Otegirekin bilera bat egin ostean. Bertan, Arabako erronken inguruan aritu dira, bestean beste, ehun industrialaren krisia, erronka demografikoa, zaintzen pribatizazioa edota trantsizio energetikoa. Ildo horretan, San Saturninok gogoratu du dagoeneko EH Bilduk Zaintza Plan Estrategiko bat egin duela (Bizi On) eta klima-aldaketari aurre egiteko ibilbide-orria (Araba Zero Karbono) egin direla, Araba 2050erako karbonoz neutroa izango den lurralde bihurtzeko. Halaber, Miñaon elektrolito solidozko baterien ikerketa eta ekoizpena bultzatzeko Gigafaktoria bat jartzearen aldeko apustua gogorazi du.

Presoak Katalunian eta Euskal Herrian ateratzeko garaia da

Bestalde, EH Bilduko Koordinatzaile Nagusiak, Arnaldo Otegik, esan du presoak Katalunian eta Euskal Herrian ateratzeko garaia dela. “43 urte geroago, Espainiako agenda politikoan indultuak, aministia eta preso politikoen askatasuna daude”, esan du. Zentzu horretan, estatuaren egituraketan eta erabakitzeko eskubidean aurrera egitearen alde egin du. Esparru sozialean, Otegik berriro eskatu du PSOErekin eta Podemosekin sinatutako akordioa betetzeko, lan-erreforma indargabetzeko. Gasteiztik ere, Otegik EH Bai zoriondu du azken hauteskundeetan lortutako emaitzengatik. “EH Bai zoriondu nahi dut lortutako emaitzengatik. Ez da kasualitatea. Ezkertiar subiranistak gero eta gehiago dira Europa osoan”, gaineratu du.