Araba

Albisteak

EH Bildu-k "lotsagarritzat" jo du Foru Gobernuak bere eskumeneko zentroetan egiten ari den txertaketa prozesuari buruzko informaziorik ez izatea


Claudia Venceslao: "Arabako gizarte-baliabideek, bai profesionalek, bai artatutako pertsonek, erantzukizunez jokatu dute. Txertaketa-prozesuari buruzko informazioa izatea merezi dute"

| 2021-02-09 10:02:00

EH Bildu-ren ustez, "lotsagarria" da Osakidetzak Foru Gobernuaren eskumeneko zentroetan (egoitzetan eta eguneko zentroetan) egiten ari den txertaketa prozesuari buruzko informaziorik ez izatea. Batzarkide taldeari emandako bost erantzunetan, plan horri buruzko informaziorik ez dutela adierazi du EAJ-k eta PSE-k osatutako Foru Gobernuak.

Desgaitasunen bat duten pertsonak, gaixotasun mentala duten pertsonak eta adinekoak artatzen dituzten foru-eskumeneko gizarte-baliabideentzakotxertaketa-aurreikuspen bati buruz galdetzerakoan, Aldundiak modu berean erantzun dio EH Bildu-ri: "Txertaketa-plana Eusko Jaurlaritzaren eskumena da". Zentzu honetan, EH Bildu harrituta dago Foru Erakundeak ez duelako aurreikuspenik izan artatutako pertsonei eta zentro horietako profesionalei txertoa noiz jarriko zaien zehazteko.

Koronabirusa gure bizitzetan sartu zenetik urtebete igaro denean, EH Bildu-k gogorarazi du 2021aren hasieran iragarri zela egoitzetan bizi diren adinekoek eta horien profesionalek hartuko zutela txertoa. Lehenik eta behin. Eta, antza denez, foru-egoitzetan txertaketa amaituta egongo zen arren, batzarkide taldeak informazioa eskatu zion Gizarte politiketako diputatuari egoitza pribatuetan edo etxebizitza komunitario pribatuetan txertatutako erabiltzaileen eta langileen kopuruari buruz. Ezustekoa berriz ere erantzun moduan iritsi da EH Bildu-rentzat, Foru Gobernuak erantzun duenean Foru Erakundeak ez duela "eskatutako informazioa ateratzeko datu-baserik".

"Nork du informazio hau? Nor ari da kudeaketa pribatuko zentro horietan txertaketa-prozesua kontrolatzen? ", galdetu du EH Bildu-k, Aldundiak, arduradun nagusi gisa, informazio gardena ez ematea " tamalgarritzat" jo duen bitartean.

"Gardentasun eta egiazkotasun garaia da. Arabako gizarte-baliabideek, bai profesionalek, bai artatutako pertsonek, erantzukizunaren eta gogoaren irakaspena eman dute, eta txertaketa-prozesuari buruzko informazio garrantzitsua izatea merezi dute, itxaropen eta lasaitasun pixka bat emango duena, hilabeteak larritasunez eta beldurrez eman ondoren", adierazi du Claudia Venceslao batzarkideak.

Amaitzeko, EH Bildu-k interpelazio bat erregistratu du astearte honetan bertan Gizarte politiketako foru diputatuari zuzenduta, Foru Aldundia oraingoz helarazi nahi izan ez dituen datuak ematen has dadin.