AKTUALITATEA


| 2020-05-06 10:14:00

EH Bilduk mozio bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan Aldundiak mahats-bilketarako neurri zehatzak hartzeko helburuarekin. Mozioan bertan, langileen lan baldintza duinak eta euren osasuna bermatzeko neurriak eskatu ditu EH Bilduk, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko osasun protokoloak eta bitartekoak eskatzeko: maskarak, eskularruak, ura, distantziak, testak…

Zentzu berean, Foru Aldundiak krisiaren testuinguruan, eta upategi txiki eta familiarretan arreta berezia jarriz, laguntza bereziak eman ditzala eskatu du.  Horretarako, besteak beste, Aldundiak tokiko kontsumoa bultzatzeko kanpaina abiaraztea eskatu du EH Bilduk, zuzeneko salmenta bideak eta on line salmenta sustatuz eta behar diren logistika eta garraio gastuetarako laguntza lerro berezia sortuz.

Sortu den egoera berriari erantzuteko eta dauden egiturazko arazoak gainditzeko ardogintzaren inguruko estrategia integral bat diseinatzeko beharra ere azpimarratu du Kike Fdz de Pinedo bozeramaileak: “Plangintza hau Arabako Errioxako eragileekin, ardogintza elkarteekin, nekazaritza sindikatuekin eta gainontzeko batzarkide taldeekin batera egin behar da”.

Sektorea birpentsatzeko aukera

Fdz de Pinedoren ustez, ardogintzaren sektorean egungo ereduaren ondorioak azaleratzen hasi dira eta ardogileen azpisektoreak esportazioen muga-zergak aurrez aurre zituenean, mehatxu berri bati aurre egin behar dio: COVID-19a. “Ohiko salmenta bideak ia gelditu dira, eta honek beste bide batzuk arakatzea eskatzen d, besteak beste, tokiko kontsumoa eta on line salmenta sustatzea eta Euskal Herriko merkatuan Arabako ardoen sarrera eta sustapena bultzatzea”. Hala ere, bozeramaileak ez du ahaztu nahi izan galerak arintzeko behar diren laguntzak ematea ezinbestekoa izango dela.

“Krisialdi honek aukera eman beharko liguke sektorea birpentsatzeko eta ekoizpen eredua zein salmenten birlokalizazioaren inguruan hausnartzeko: bestelako ereduaren alde egin behar da, kalitatezkoa, tokikoa, jasangarria, herriei eta lurrari lotutakoa”, ondoroztatu du bozeramaileak.