AKTUALITATEA


| 2020-04-08 11:58:00

Astearteko Bozeramaileen Batzordearen eta Araudi Batzordearen ostean, EH Bildu batzarkide taldeak eztabaidarako eta kontrolerako mekanismoak eskatu ditu Batzar Nagusietan. Aldi berean, foro zehatz bat egokitzen ez den bitartean, erakunde barruan dituen aukera guztiak baliatuko dituela iragarri du eta, hala, erakundeari prestigioa itzul diezaion eskatuko du. Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak, Batzar Nagusiek ateak itxi eta jarduera ia erabat gelditu zutenetik iragarri ditu neurriok.

Horren harira, hilabete baten ondoren, atzoko agerraldia berandu iritsi zela deitoratu du Fernandez de Pinedok: "Krisi mahai bat eskatu genuen jarraipena egiteko eta elkarlanean aritu ahal izateko, baina ez dute nahi izan: hasieratik argi izan dugu gure lehentasuna izan behar zela, hala izan denez, elkarlanean aritzea eta proposamenak ekartzea, baina badirudi ez dela horrela izan alderdi guztientzat".

Ahaldun Nagusiak iragarri du foru exekutiboa prest dagoela agerraldi ezberdinak egiteko eta lankidetzan aritzeko, eta krisi-mahaia sortzeari uko egin ondoren, EH Bildu-k eskua luzatu die gainerako alderdiei elkarlanean aritzeko, elkarrekin lan egiteko eta ahal denean agerraldiak eskatzeko: "Aukera guztiak baliatuko ditugu elkarrekin lan egiteko eta foru exekutiboaren jarduera kontrolatzeko".

"Batzar Nagusiak pairatzen ari duten desprestigioaren aurrean, ekimena hartu eta ahal den esparru guztietan lanean jartzeko garaia da, ia jarduerarik gabe hilabete daraman etxe honetara zilegitasuna itzul dadin. Arabako herritarrek ez gintuzten honetarako aukeratu”, adierazi du Fernandez de Pinedok. Gaineratu duenez, "hasieratik argi izan dugu gure lehentasuna izan behar zela, hala nola elkarlanean aritzea eta proposamenak egitea. Eskua luzatuta jarraitzen dugu, duela hilabete Batzar Nagusien jarduera ia erabat eten zenean bezala".

Ildo horretan, EH Bildu-k kritikatu du EAJ-PSE gobernuak lau eragile ekonomikorekin lan mahai bat osatzea erabaki izana, eta sindikatuekin edo Batzar Nagusietako talde politikoekin bildu ez izatea aldi berean, "denbora falta" argudiatuta.

Proposamenak mahairen gainean

Fernandez de Pinedok prentsaurreko birtualean gogora ekarri duen proposamen sortaren bitartez, EH Bildu-k eskua luzatuta jarraitzen duela nabarmendu du.

Arlo soziosanitarioari dagokionez, EH Bildu.k behin eta berriz esan du – oraind ela 20 egun esan zuen lehenengoz– osasun-zerbitzuetako, adinekoen egoitzetako edo etxez etxeko laguntza-zerbitzuetako eta gainerako zerbitzuetako langile guztiei EPIak eman eta ziurtatu behar zaizkiela, eta, horrez gain, Covid-19 detektatzeko test azkarrak egin behar zaizkiela adinekoen egoitzetako eta desgaitasuna duten pertsonen zentroetako erabiltzaile guztiei, bai eta zentro horietako langile guztiei ere. Izan ere, Diputatu Nagusiak aitortu zuen 47 pribatuetako lau egoitzetan bakarrik egin direla frogak, horregatik Fernandez de Pinedok gogorarazi du garaia dela krisialdiak irauten duen bitartean egoitza pribatuen kontrola eta kudeaketa hartzeko.

Neurri ekonomikoei dagokienez, zerbitzu publikoak, zaintzak, osasuna eta hezkuntza indartzea ezinbestekotzat jo du EH Bildu-k. "Ezin dugu aurreko krisiaren akatsik egin, desberdintasunak areagotzen dituzten politika austerizidekin".

"Konua ez da nork duen arrazoi: krisitik atera beharra dago, eragile guztien artean eredu aldaketa bat eraikiz zainketen eta gizarte zerbitzuen gaian. Jendearengan pentsatzeko garaia da", adierazi du Fernandez de Pinedok.