Araba

Albisteak

EH Bildu-k Aldundiak Covid-19 kutsadura kopuru handia duten egoitza eta etxebizitza komunitario pribatuen kontrola egitea eskatu du


Zentro pribatuetan ikuskapenak areagotzea eskatzen duen mozioa defendatuko du, Agure-Arkaiate egoitzan eta Arroiabeko San Frantzisko Xabierkoa zentro pribatuetan ezagutu diren kasu kezkagarriak saihesteko. Claudia Venceslao: "Ezin ditugu zentroetako erabiltzaileak eta langileak bakarik utzi, pandemiaren lehen hilabeteetan gertatu zen bezala: garrantzitsua da egoitza-zentroen esku hartzea ahalbidetzen duten aurreikusitako tresnak erabili ahal izatea. Benetako arduragabekeria litzateke EAJ-k eta PSE-k mozioaren alde ez egitea”.

| 2021-01-19 08:50:00

EH Bildu-k asteazkeneko osoko bilkuran eskatuko du Aldundiak kudeaketa pribatuko egoitzak eta etxebizitza komunitarioak kontrolatzeko, baldin eta Covid-19aren kutsaduraren prebalentzia handia badute, bai langileen artean, bai artatutakoen artean ere. Kontrola egiteaz gain, Claudia Venceslao batzarkideak zentro horietan ikuskapenak areagotzea ere defendatuko du. Hala eskatu du premiazko tramitazio baten ostean eta zentro horietan irregulartasun gehiago ikusi ostean.

Asteburu honetan jakin dugu Agure-Arkaiate egoitzak Coviden agerraldi betean langile nahikorik ez zuela eta kutsatutako langileak lan egitera behartu zituela. Horretaz gain, Arroiabeko San Francisco Javier zentro pribatuak 660.000 euroko isuna jaso dezakeela ere jakin dugu egunotan, adinekoak lotzeagatik eta Coviden protokoloa ez betetzeagatik. Bi albiste hauen ostean dator mozioa.

"Ezin ditugu bakarrik utzi egoitzetako erabiltzaileak eta langileak, pandemiaren lehen hilabeteetan gertatu bezala. Egoitzek eta etxebizitza komunitarioek beren gain hartu behar izan zuten prestatu, hornitu eta babestu gabeko erantzukizun bat. Egoera horiek saihesteko, zentroen esku hartzea ahalbidetzen duten tresnak erabiltzea garrantzitsua da", adierazi du Venceslaok.

Ildo horretan, asteburuan argitaratutako bi berriek egiaztatu dute EH Bildu-k urteak salatzen daramatzana: Araban indarrean dagoen eta EAJ-PSE-PP-k partekatzen duen zaintza-eredu pribatuak ez du bermatzen zaintza eta lan-baldintza duinik. Eredu horren barruan, EH Bildu-rentzat "bereziki larria" da gauetik goizera Etxebizitza Komunitario pribatuak sasi-egoitza bihurtu izana, legezko estaldurarik gabe, baliabide teknikorik gabe eta mendetasuneko bi edo hiru graduak artatzeko giza baliabiderik gabe. Hala ere, erabiltzaileentzako foru-txekeen bidez eskuzabaltasunez finantzatuta daude, eta, horrela, haiekin plazak hitzartzea eragozten duen legezkotasuna saihesten da, hain zuzen ere muga horiengatik. Horri gehitu behar zaio, pandemiaren erdian ekaitz perfektua sortu arte, ikuskapen-sistema bereziki laxoa eta adiskidetsuegia.

Halaber, EH Bildu-k salatu nahi izan du kasu horien oihartzun mediatikoak lehen erreakzioa eragin duela Foru Gobernuaren aldetik, izan ere, Gobernua ez da fiskaltzara joan gertaeren berri izan zuenetik 66 egun igaro diren arte –azaroaren 12tik–. Zaila da jakitea zer egingo lukeen gertakariak publiko egiten ez badira.

"Benetako arduragabekeria litzateke EAJ-k eta PSE-k mozioaren alde ez bozkatzea: Aldundiak ezin du beste aldera begiratzen jarraitu eta ezin du diru publikoarekin kalitate eskaseko zaintza prekarizatuak finantzatzen jarraitu", adierazi du Venceslaok.