AKTUALITATEA


| 2021-06-20 13:18:00

EH Bilduk herrialdeko gainerako eragile politiko, sindikal eta sozialei ibilbide-orri partekatua adostea eskaini die, klima-aldaketari eta energia-trantsizioari aurre egiteko. Akordio hori lortzeko urtebeteko epea ezarri du eta, bien bitartean, energia sortzeko azpiegitura handiak egiteko edozein proiektutarako edozein lizentzia geldiaraztea proposatu du. “Arabak merezi du, etorkizuneko belaunaldiek merezi dute”, esan du EH Bildu Arabako arduradun politikoak, Ibon San Saturnino Muruak, gaur Amurrion egin den Mahai Politiko berriaren aurkezpenean. Guztira, bederatzi gizonek eta zortzi emakumek osatzen dute EH Bilduren zuzendaritza berritua Araban.

 

“Gero eta ugariagoak dira hainbat enpresak irabazi azkarrak lortzeko garatu nahi dituzten proiektuak. Aurreikuspenik gabe eta plangintzarik gabe. Benetan ez dute ezer ikasi? Merkatua ez da autoerregulatzen. Instituzioek beren gain hartu behar dute beren betebeharra eta gehiengoaren onerako planifikatu behar dute. Estrategiak zehaztea, adostasunak lortzea eta planifikatzea. Hori egin behar da, Eta hori oso ondo ulertu dute azken hilabeteetan Arabako natura ondarea defendatzeko eta energia-trantsizio arrazoizko baten alde mobilizatu diren pertsona horiek guztiek. Lautadan, Mendialdean, Añanan edo Gorbeialdean parke eolikoen eta kontrolik gabe ugaritzen diren proiektu fotovoltaikoen kontra jaikitako pertsonak. Ziurrenik, gauzak ezin ziren Gobernuak egin duena baino okerrago egin”, gaineratu du.

 

San Saturninok “norabidea aldatzeko beharra” azpimarratu du eta Arabak prozesu horretan egin dezakeen ekarpena nabarmendu du. “EH Bildu bezalako proiektu bat dugu, azken hamar urteetan erantzukizun-maila altuenak bere gain hartzeko prestatzen aritu dena, eta, batez ere, lorpen handiak lortzeko aukera ematen duen errealitate soziala eta indar-korrelazioa ditugulako”, esan du. Ildo horretatik, Arabako gizarteak azken urte honetan erakutsi duen elkartasun eta erantzukizun maila txalotu du, eta kolektiboaren garrantzia nabarmendu du, eta askatasun pertsonalak eta kolektiboak elkarri lotuta daudelako nahitaez. “Ez ditzagun ahaztu balio horiek etorkizun oparoaren oinarriak direlako”, esan du San Saturninok.

 

Bestalde, EH Bilduren Arabako arduradun politikoak nabarmendu du EAJren kudeaketa onaren mitoa erori egin dela, eta azpimarratu du EAJ-PSE koalizioak paralisi politiko batera eraman duela Araba. “Duela bi urte, ohartarazi genuen EAJren eta PSEren arteko koalizioak (NI-NI koalizioak: ez subiranistak, ez ezkerrekoak) blokeo egoera batera eraman zuela herrialdea. Legealdiaren erdia betetzen den honetan, hausnarketa horretan bete-betean asmatzen dugula esan dezakegu. Ez dago proiekturik, ez dago helbiderik. NI-NI koalizioa kudeaketa hutsean aritzen da (norabiderik gabeko kudeaketa txarra)”, nabarmendu du.

 

Egoera horren aurrean, honako hau defendatu du: “ezkerreko burujabetze-proiektuek bere maila erakutsi behar dute, eta, horretarako, berme-proiektu kolektibo bat eskaini behar dugu, jendeari segurtasuna emango diona, ilusioa piztuko duena eta gizarte-justiziaren printzipioen gainean eraikitako berdintasunezko gizartea eraikitzeari atxikitzea sustatuko duena, naturarekin eta planetarekin harmonia-harremana berreskuratuko duena. Sistema neoliberalak amildegira eramaten gintuela esaten genuenean genuen arrazoia. Arrazoi dugu esaten dugunean ordena berri bat berdintasunean, justizia sozialean eta ingurumenarekiko errespetuan oinarrituta soilik eraiki daitekeela. Baina arrazoiarekin ez da nahikoa, alternatiba eraiki behar da, jendea entzun eta inplikatu behar da”.

 

"Orain altxatzea tokatzen da "

 

Bestalde, EAEko Legebiltzarreko bozeramailea Maddalen Iriartek orain “heri gisa” altxatzeko unea dela azpimarratu du. Zentzu horretan, Next Generation Europako Funtsek ekarriko dituzten milioiak aipatu ditu. “Ezin ditugu errepikatu iraganeko akatsak. Norabidea zuzendu behar da. Aprobetxa dezagun aukera hau herri hau ingurumenaren zaintzaren eta babesaren, pertsonen zaintzaren eta zerbitzu publikoen hobekuntzaren norabidean kokatzeko. Aprobetxa dezagun aukera hau euskal herritarrentzako bizi-baldintza duinak bermatzeko”, azaldu du Iriartek.

 

Era berean, ohartarazi du oinarrizko eskubideetan eman daitekeen atzera egitea. “Datozen hilabeteetan lan erreformaz, pentsio sistemaz eta fiskalitateaz hitz egingo dute. Herrialde honetan gehiengo oso zabal batek defendatzen du gai horietako batean ere atzera ez egitea. EH Bilduk akordioa lortu zuen Madrilgo Gobernuarekin lan erreformarako eta euskal langileek pairatzen duten prekarietatearekin amaitzeko. Batu ditzagun gure indarrak herri gisa, euskal gizartearen gehiengoak uste duena elkarrekin defendatzeko. Aprobetxa dezagun aukera hau guztion artean Euskal Herri hobea, demokratikoagoa eta berdintasunean oinarritutakoa eraikitzeko” gaineratu du.

 

Arabako Mahai Politikoaren osaera.

 

Arabako arduradun politikoarekin batera, hauek osatzen dute Mahai Politikoa: Koordinazio Taldea, zortzi eskualdeetako ordezkariak, Arabako Batzar Nagusietako eta Gasteizko Udal Taldeko EH Bilduko bozeramaileak eta EH Bildu osatzen duten hiru alderdietako ordezkariak. Koordinazio Taldea lau pertsonak osatzen dute: Xabi Goikuria Oiarbide, Politika Instituzionaleko arduraduna; Ruth Ibisate Diez-Caballero, Udalgintza arduraduna; Jon Ligüerzana Ajuriagerra, Antolaketako arduraduna; eta Rebeka Mtz. Compañón Remírez, komunikazio-arduraduna. Era berean, Endika Saez de Adana Gasteizko arduradun politikoa da, eta, harekin batera, Arabako eskualdeetako ordezkariak daude:  Irune Iturbe (Aiaraldea), Itxaso Etxebarria (Gorbeialdea), Eva López de Arroyabe (Arabako Lautada), Oier Martínez de Santos (Añana), Ruth Ibisate (Arabako Mendialdea) eta Pablo Ortiz de Latierro (Trebiñu) eta Esti Besa (Arabar Errioxa).

 

 

Horiekin batera, Arabako Mahai Politikoan Kike Fdez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Felix González Gasteizko Udal Taldeko bozeramaileak parte hartzen dute. Azkenik, Ainhize Solaun, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Josu Estarrona daude Sortu, EA eta Alternatibaren izenean, hurrenez hurren.