AKTUALITATEA


| 2021-07-13 10:00:00

1936ko estatu-kolpe frankistaren 85. urteurrenean, EH Bildu, Ahal Dugu-Podemos, Ezker Anitza-IU eta Equo-Berdeak alderdiek berriro eskatuko dute Gasteizen egia, justizia eta erreparazioa. Bosgarren urtez jarraian, lau talde politikoek kontzentrazioa egingo dute Arabako hiriburuan, alde batetik, zigorgabetasuna salatzeko eta, bestetik, Arabako gizarteari dei egiteko, askatasunaren eta gizarte-justiziaren agertoki berria eraikitzen jarraitzeko.

 

Oraingoan, kontzentrazioa uztailaren 18an, igandea, izango da, 12:00etan, Katedral Berriaren aurrean, “Iragana Gogoan, Araba berria eraiki. Contra la impunidad franquista: verdad y justicia”,  lelopean. Kontzentrazio horretan, la alderdietako ordezkariek manifestu bateratu bat irakurriko dute.

 

Urteurren hori bat dator denboran Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua onartzearekin. Alderdi sinatzaileek behin eta berriz diote aukera bat izan behar duela egiaren, justiziaren eta konponketaren aitorpenean aurrera egiteko. Horregatik, nabarmendu dute egia ofizial bat sustatu behar duela, krimen frankisten ikerketari edozein oztopo kendu, biktimak erreparatu eta genero-ikuspegia txertatu, emakumeek jasandako errepresio-modu espezifikoak ikertu, zehatu eta konpontzeko. Madrilgo Gobernuak tramitazioa atzeratu izanak zirriborro horren gabeziak konpontzeko aukera eman behar duela esan dute.

 

Bestalde, ultraeskuinaren eta eraso xenofobo, homofobo eta matxisten gorakadaren aurrean, Arabako gizarteari dei egiten diote memoria eta defendatu zituzten balioak berreskuratu eta bultza ditzan. “Dei egiten diegu Arabako herritar guztiei, indar politikoei eta sindikatuei, gizarte-mugimenduei, elkartasunetik bat egin dezaten arlo publikoaren eta eskubide sozial eta demokratikoen aldarrikapenarekin eta defentsarekin. Memoria duen herria garelako, askatasun eta justizia sozialeko agertoki berri bat eraikitzen jarraituko dugu” jasotzen da adierazpenean.

 

Araba, 2021eko uztailaren 13an