AKTUALITATEA


| 2021-12-16 10:30:00

Donemiliagak atzo onartu zituen Osoko Bilkuran 2022rako aurrekontuak. Guztira, Lautadako udalerriak 1.668.114 euro izango ditu, eta partidarik handiena egungo udaletxeko irisgarritasun, eraginkortasun energetiko eta espazio banaketako arazo larriak konpontzeko erabiliko da. Zaharberritzeko lanak horiek egiteko 50.000 euroko partida dago eta Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren zein Eusko Jaurlaritzaren irisgarritasun eta energia efizientziarako diru-laguntzen bidez finantzatuko da.

Udal-eraikinen energia-autokontsumoa eta beste energia-eredu baterako trantsizioa ere lehentasun dira hurrengo urterako aurrekontuetan. Helburu horrekin hainbat partida daude eta horien artean, nabarmentzekoak bi dira: “Next Generation” Europako Funtsetarako aurkeztutako proiektua gauzatzeko 40.000 eurokoa, kiroldegiko estalkian plaka fotovoltaikoak jartzeko; eta 50.000 eurokoa, mailegu bidez, energia-komunitateak martxan jarri nahi dituzten udalerriko herrien inbertsioak finantzatzen laguntzeko.

Horrez gain, Donemiliagak eutsi egin dio Axpurun sortu nahi den landa-eremuko Eguneko Arretarako Zentrorako eraikina egokitzeko lanak egiteko partidari, eta duela urtebete hasitako Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria egiteko prozesuarekin jarraituko du. 97.000 euroko partida du eta Arabako Foru Aldundiak ere finantzatuko du. EAJko zinegotziek aurrekontu horien aurka bozkatu zuten, zuzenketa edo proposamenik aurkeztu gabe.