Araba

Albisteak

Diru bilketaren jaitsieraren ondorioz, udalek izango duten murrizketa datozen bi urteotan itzultzea eskatuko dio berriz ere EH Bilduk Foru Gobernuari


Biharko osoko bilkurari begira, “arrazoituta eta salbuespenez, berregokitzeak geroratzea edo zatikatzea” dioen zuzenketari eutsiko dio horrela eskatu baitu udalerrien heren batek

| 2020-10-20 12:01:00

Arabako Batzar Nagusietan bihar izango den osoko bilkurari begira, diru bilketaren jaitsieraren ondorioz, udalek izango duten murrizketa datozen bi urteotan itzultzea eskatuko dio berriz ere EH Bilduk Foru Gobernuari. Izan ere, bihar FOFE-en Foru Araua eztabaidatuko da eta EH Bilduk “arrazoituta eta salbuespenez, berregokitzeak geroratzea edo zatikatzea” dioen zuzenketari eutsiko dio. Hala adostu da Bizkaian, baina EAJ-PSEren Gobernuak, PPren babesarekin, proposamena bertan behera utzi zuen joan den astean egindako Ogasuneko Batzordean.

EH Bilduk defendatzen duen proposamena Arabako lurralde historikoko udalen herenak babestu du; izan ere, diru-bilketan izango duen beherakada ezagutu ostean, "ezohiko" neurriak eskatu zituzten finantzazio nahikoa bermatzeko. Zuia, Asparrena, Artziniega, Zanbrana, Beranturi, Urizaharra, Donemiliaga, Dulantzi edo Legutio bezalako udalek soberakinen erabiltzeko aukera izatea eta aurrekontu-egonkortasuneko helburuak malgutzea eskatu zuten, diru-bilketaren beherakadari eta pandemiaren ondoriozko larrialdiei aurre egiteko. Baina, gainera, toki-erakundeekin konponbideak adosteko beharra defendatzen zuten, Toki Erakundeak Finantzatzeko Funtsaren (FOFEL) beherakada bortitza arintzeko.

Hala ere, EAJren eta PSEren gobernuak eskaera hori zeharo baztertu zuen  eta Arabako udalak zigortzea erabaki du; izan ere, Bizkaiko udalek ez bezala, datozen bi urteotan jaitsiera hori konpentsatzeko aukera ez dute izango.  Egoera ikusita, EH Bilduk EUDELeko lurraldeko batzordean udalen interesen aldeko defentsa planteatuko du Aldundiaren “utzikeria”ren aurrean.