AKTUALITATEA


| 2021-05-28 09:36:00

Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den bezala, adopzio ondoko zerbitzua indartzea eskatu dio EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari. Horretarako, familiei zein adoptatutako haurrei adopzio arloko laguntza tekniko espezializatua, banakakoa eta doakoa eskainiko dituen laguntza eta orientazio programa bat ezartzea eskatu du talde politikoak. Hala irakur daiteke June Mugica batzarkideak erregistratutako mozioan.

Testuinguruan jartzeko, gaur egun, Aldundiaren Adingabeen eta Familiaren sailak adopzioarekin lotuta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu.  Zehazki, adopzio osteko zerbitzuei dagokionez,  Aldundiak familien  kontrol eta jarraipen lana egiten du familiako kide guztiak ongi egokitzen ari diren eta adingabea ongi hazi eta garatzeko baldintza egokiak ote dauden egiaztatzeko. Horretaz gain hainbat tailer eta laguntza saioak eskaintzen dira elkarte baten lankidetzarekin. 

EH Bilduk jakin duenez, ordea, Gipuzkoa zein Bizkaiko Aldundietan eskaintzen den adopziozko ondorengo zerbitzua osoago da. Hala nola, adoptatutako haurrak edo nerabeak dituzten familiei, adopzioarekin lotutako arazo espezifikoak sortzen direnean, aholkularitza psikologikoa, banakakoa eta doakoa eskaintzen zaie.