Araba

Albisteak

Batzar Nagusiek, EH Bildu-k eskatuta, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako eguneko zentro berri bat diseinatzeko eskatu diote Aldundiari


Claudia Venceslao: "2018an premiazko beharra bazen, pentsa 2020ko egoera: familia hauek etxe barruan bizitzen ari diren egoerak jasanezinak dira". Gainera, EH Bildu-k eskatuta, Batzar Nagusiek onartu dute Jugalez ibaia Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuko ibai izendatzea.

| 2020-11-18 10:51:00

Batzar Nagusiek, EH Bildu-k eskatuta eta hainbat talderekin mozioa onartu ostean, dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako eguneko zentro berri bat planifikatzeko eta diseinatzeko eskatu diote Aldundiari. Gainera, Aldundiak proiektua garatu beharko du gehienez ere 12 hilabeteko epean, gero Batzar Nagusietako dagokion batzordean aurkezteko.

Claudia Venceslao batzarkideak gogorarazi duenez, 2018ko azaroan aldeko 33 botorekin onartu zen behar hori, eta, mozio horren bidez, 25 lagunentzako eguneko zentro bat sortzea eskatu zen, 2019-2020an erabat martxan egon beharko lukeena, baina Foru Gobernuak ez du hori bete. "Ez da alternatiba 15 hilabete eguneko zentro baten zain egotea, eta ez da alternatiba asaldatuta dagoen zentro batean sartzea. 2018an premia larria bazen, pentsa 2020a ia amaitu denean, pandemia baten erdian; etxe barruan bizi diren egoerak jasanezinak dira", adierazi du.

EH Bildu-k gogorarazi du erabaki politikoa izan zela zentro hori martxan ez jartzea eta 2018an onartutako mozioa kajoi batean uztea. Orain, Venceslaoren arabera, erabaki politikoa da familia horien sufrimendua ez luzatzea. Horregatik, onartutako mozioak Gizarte Politiketako Sailak desgaitasun intelektualaren arloan behar diren plaza kopurua eta baliabideen tipologia planifikatzeko beharra ere islatzen du.

Familia horiek bizi dituzten egoera latzen aurrean, EH Bildu poztu egin da pertsona horien arretan lan egiten hasi delako. "Ez dago aitzakiari, arduratsuak izateko garaia da", ondorioztatu du Venceslaok.

Jugalez ibaia, Natura 2.000 gunea

Bestalde, Batzar Nagusiek Aldundiari eskatu diote Jugalez Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuko ibai izendatzearen aldeko espedientea egiteko eta Eusko Jaurlaritzari bidaltzeko, hark izendapen hori egin dezan.

Kike Fdz de Pinedo bozeramaileak gehiengoz onartutako mozioa defendatu du, eta azpimarratu du balio ekologiko handiko ibaia dela eta babestu egin behar dela. Hala ere, nahiz eta azken urteotan Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremu izendatu diren lurraldeko 12 ur-masa, 4 hezegune eta 8 ibai, Jugalez ibaia ez zegoen horien artean.

Orain, ibaia erabat lehor eta urik gabe geratu da hainbat alditan, eta Zadorra Bizirik plataformak salaketa jarri du Arabako Ingurumen Fiskaltzaren aurrean, baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delitu bat egotzita. Onartutako mozio honen bidez, ibai honen arroan dauden ur-baliabideak eta emandako baimenak orekatzea espero du EH Bildu-k.