AKTUALITATEA


| 2022-03-18 13:24:00

EH Bildu Araba batzarkide taldeak basurdeen kalteak arintzeko laguntza-lerroa zabaltzeko eskatu dio Foru Aldundiari mozio bidez. Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiek egoera zaila bizi dute azken boladan, garraioaren eta lehengaien garestitzea dela-eta, bereziki, baina horri gehitu behar zaio basurdeek azken boladan eragin dituzten kalte ekonomikoak. Hori dela-eta, kalteak prebenitzeko neurriak har ditzala ere eskatu du mozio berean EH Bilduk.

Horretarako, lurraldean dagoen basurde-kopuruaren errolda egin dezala eskatu diote Arabako Foru Aldundiari, baita azken urtean laboreetan izan diren kalteena ere, horiek lurraldeko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan eragin duten kalte ekonomikoa kuantifikatu ahal izateko.

Basurdeek eragindako kalteen ondorioz, finka hondatuak eta uzta galduak daude, besteak beste, eta horregatik premiazkoa eta beharrezkoa da Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak esku hartzea hainbat formatutako neurriak hartzeko. Prebentzio neurriak beharrezkoak dira, kalteak eta inpaktuak txikiagoak izan daitezen, lehen sektoreak bere gain hartu ezin dituen ondorio ekonomikoak saihesteko