AKTUALITATEA


| 2022-03-21 10:25:00

Joan den urteko azaroan aurkeztu zuen EH Bildu Arabak Landa-eremua Abagune plana, lurraldeko herri eta kontzejuak biziberritzeko. Geroztik, hainbat aurkezpen hitzaldi egin dituzte Arabako herrietan, eta aste honetan Gorbeialdian izango dira: martxoaren 22an, Gopegin, eta 24an, Murgian.

Arabako erronka handienetako bat da despopulazioari aurre egitea: EHUk berriki argitaratutako azterlan baten arabera, hiru landa-gunetik bat jendez husteko arrisku larrian dago. Horri jarraikiz, Abagune 500 biztanletik beherako Arabako herrien «neurrira egindako jantzia» izan nahi du, diagnostikotik abiatuta, herri bakoitzaren beharrak, kezkak, ahalmenak eta itxaropenak aztertzeko, eta bakoitzak bere ibilbide-orria diseinatzeko.

Aurkezpen hitzaldiak parte-hartzaileak egin nahi izan dituzte helburu horrekin, eta lantaldeka banatu dira parte hartzaileak, nork bere kezkak, nahiak eta hobekuntzak mahai gainean jartzeko. Orain arte, Arespalditzan, Espejon, Beranturin, Paganosen, Trebiñun, Urizaharrean, Arraia-Maeztun, Gamarran, Erdoñanan eta Burgelun egin dituzte saioak, eta 80 bat lagunek hartu dute parte, hainbat herri eta kontzejuren izenean. Datozen hitzorduak martxoaren 22an eta 24an izango dira, Gopegiko gizarte-etxean eta Murgiako udaletxean hurrenez hurren, arratsaldeko 18:30ean.