AKTUALITATEA


| 2022-10-06 10:51:00

Araba. 2022-10-06 | EH Bilduk prentsa aurrean salatu du Azazetan proiektatutako parke eolikoaren ingurumen-bideragarritasuna zalantzan jartzen duen beste txosten bat dagoela. Zehazki, 2021eko abendutik dagoen txosten bat da, eta batzarkide taldeak aste honetan bertan jakin du horren berri.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaileak hedabideen aurrean azaldu duenez, iragan irailean eskatu zuten lurraldeko energia berriztagarrien proiektuei buruzko informazio guztia, eta dokumentazioa jasotzean ohartu ziren iazko abenduko txosten hori zegoela tartean.

Fernandez de Pinedo bozeramaileak azaldu duenez, Azazetako parke eolikoaren proiektuaren berri izan zenetik hainbat txosten egin dira. Horien artean, Aldundiko teknikarien lehen txostena nabarmendu du, parkearen ingurumen-bideragarritasuna zalantzan jartzen zuena, eragin larriak eta oso larriak dituelako. Oraingo txostenari dagokionez, hasierako txosten hartan aipatzen ziren akatsak edo omisioak zuzendu beharko lituzkeen gehigarriaren balorazioa da, baina adierazi du ez duela eskatutakoa betetzen, alderdi gehienetan «gutxiegitzat» jotzen baitira akats horiek zuzentzeko egindako lanak.

Beraz, Fernandez de Pinedoren arabera, «pilota berriz ere Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren teilatuan dago». Izan ere, txostena egin eta ia urtebetera, parke eolikoaren aldeko adierazpenak eta hura gauzatzeko izapideak ez dira eten, «nahiz eta berme guztiak ez izan, biodibertsitateari kalte larriak eragiten baitizkio».

Agerraldi eskaera

Fernandez de Pinedoren arabera, lehenengo txostenean aipatzen ziren afekzio «larri eta oso larriek» bere horretan jarraitzen dute, eta, horregatik, proiektu hori bideraezina da biodibertsitatean duten eraginagatik.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Ramiro Gonzalezen agerraldia eskatu du, Fernandez de Pinedoren arabera, «ez duelako egia osoa esan». Gainera, Aixeindar enpresaren «seriotasun eskasa» kritikatu du, uste baitu ez duela «lehen ingurumen txostena serio hartu», ez dituelako bertan adierazten ziren afekzio guztiak zuzendu. «Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak azalpenak eman beharko dituzte», ondorioztatu du bozeramaileak.