AKTUALITATEA


| 2022-12-02 11:41:00

Asparrenako osoko bilkurak onartu egin zituen atzo 2023rako aurrekontu proiektua, 4 milioi euro izango dituena, 2022ko ekitaldian baino 400.000 euro gehiago. Horrez gain, 1,9 milioi euroko inbertsio plan gehigarria onartu da.

Aurrekontu honetan sartzen diren proiektuen artean, konpostaje-planta bat eraikitzeko obrak nabarmentzen dira. Txelo Auzmendi alkateak gogorarazi duenez, Asparrenak konpromiso sendoa du klima aldaketaren aurkako borrokarekin. Horrela, efizientzia energetikoa hobetzeko, kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarriak sortzeko hainbat inbertsio egin ondoren, aurten hondakinen kudeaketan zentratuko dira eta  konpostaje-planta bat bultzatuko dute obrak hasiz. EH Bilduk eta Madrilgo Gobernuak lortutako akordioari esker, Estatuko aurrekontu orokorrek 700.000 euroko ekarpena egingo diote proiektu honi.

Hala ere, inbertsiorik handiena Santsaerreka kalea eraberritzeko izango da. Horretarako 800.000 euro baino gehiago erabiliko dira. Obra horiek amaitu bitartean, Asparrenak beste bide bat urbanizatzeko proiektua landuko du, kasu honetan Presalde kalerako. Uraren hornidura eta saneamenduko ohiko partida ere handitu egiten da. Era berean, Marutegiko gaztelua sustatzeko eta kontserbatzeko lanean ari den Uharka elkarteari zuzendutako partida bat ere sartuko da. Datorren urteari begira, 15.000 euro erabiliko dira haren balioa nabarmentzeko lanean jarraitzeko.


2023rako kontuak alde batera utzita, Asparrenak inbertsio-plan bat onartuko du, non 500.000 euro jasoko diren Arrazpi kiroldegia birgaitzeko obrak hasteko eta beste 300.000 euro Herriko Plazan etxebizitza bat erosteko.