AKTUALITATEA


| 2022-03-19 11:53:00

EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa erregistratu du Batzar Nagusietan, Arratoko Ureztatzaileen Elkarteko planta fotovoltaikoan sortutako energia aprobetxatzea proposatzen duena.

Ureztatzaileen Elkarteak 800 plakako planta fotovoltaikoa instalatu zuen Krispiñako arazketa- eta ponpaketa-instalazioetan, energia-gastuak murrizteko. Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramailearen esanetan, «halako instalazioekin mendekotasun energetikoa mugatu eta lurraldearen deskarbonizazioaren bidean sakontzeaz gain, gastuak murriztea lortu da, eta nekazaritza-ustiategien errentagarritasunean eragin positiboa izan du».

Instalazioak 400.000 euroko dirulaguntza izan zuen, baina ureztatzen den hilabeteetan baino ez da erabiltzen, beraz, energia hori ez da erabiltzen urteko 8-9 hilabetetan. Fernandez de Pinedok eskatu du «zentzugabekeria» hori zuzentzea, energia berde hori gal ez dadin. Horretarako, Espainiako Gobernuari eskatu diote legeri aldatu dezala, baita Arabako Foru Aldundiko zerbitzu juridikoek energia hori aprobetxatzeko egon daitezkeen lege-aukerak azter ditzatela ere. «Energia izugarri garestitzen ari den une honetan, ezin dugu onartu sortzen den energia berde hori galtzea. Diputazioari dagokio egoera hau zuzentzea», esan du Fernandez de Pinedok.