Araba

Albisteak

Argantzongo Udalak Euskararen Plan Estrategikoa onartu du


Bost ardatzez dago osatua Plan Estrategikoa: Gizarte erabilera, Hiztun berriak, Hezkuntza, Administrazioa eta Kudeaketa eredua

| 2020-12-29 15:40:00

Argantzongo Udalak Euskararen Plan Estrategikoa onartu du gaurko osoko bilkuran. 2024. urtera arte iraungo du eta Udaletako Euskara Zerbitzuaren gidaritzarekin, Trebiñuko Barrendegiko ordezkari politikoen eta eragileen lankidetzarekin eta EMUN enpresaren aholkularitzarekin osatu da. Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzaina ere bidelagun izan dute diseinuaren prozesuan. Azken azterketa soziolinguistikoaren arabera, Trrebiñuko biztaleen %22a da elebiduna eta beste %17a elebiden hartzailea. Hamar urteotan elebidunen kopurua bikozitu da eta adin aintzat harturik, 16 urtetik beherakoen artean %65a dira elebidunak.

Guztira, bost ardatzez dago osatua Plan Estrategikoa: Gizarte erabilera, Hiztun berriak, Hezkuntza, Administrazioa eta Kudeaketa eredua. Nola ez, Trebiñuko egungo egoera administratiboaren markoan hizkuntzak duen lege egoera aintzat hartu du. “Trebiñun euskarak bizi duen ofizialtasun eza eta horren testuinguru juridikoa aipatzen da bertan eta ondorioz, Europako legediatik hasita, EAEko Euskararen legeraino Trebiñuko Barrendegian euskarari eragiten dioten aipuak bildu ditugu, plana gauzatzeko babes juridikoak eskaintzen dituen zirrikituen bilaketan”, azaldu du Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo Alkateak.

Plan Estrategikoaren helburu nagusia honako hau litzateke: Trebiñuko hiztunen sareak aktibatzea, biztanleen euskalduntzea eta lurraldean euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzeko neurrien bide orri bat sortzea. Udalen normalizazio prozesurako neurrien pausokako planifikazioa diseinatzea, maila teknikoko erabakiak zein maila politikoko aurrerapausoen norakoa finkatzea.

Esan bezala, bost dira planaren ardatz nagusiak. Gizarte Erabilera-ren atala “Aisia eta Kirolak”, “Arlo Sozioekonomikoak” eta “Kultura eta Hedabideek” osatzen dute. Aisiaren esparruak biltzen ditu haur eta gazte gehien Trebiñun eta egonkortuen dagoen esparrua da, lehenetsia beraz. Atal honetan, besteak beste, elkartegintzari euskara sustatzeko balidabideen katalogoa zabaltzea proposatzen da, baina kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko elkarlanari ekin ere.

Bigarren ardatza, Hiztun Berriak, “Haurrak”, “Gazteak”, “Familia”, “Helduak” azpiataletan banatua dago. Familiaren esparrua da Trebiñuko Barrendegiko Udaletatik azken urteetan gehien sustatu den esparrua, beraz, berebiziko garrantzia du honek gurean. Kasu honetan, eskolatik kanpoko hainbat alderdi sustatuko dira.

Hirugarren ardatzean Hezkuntza dago. EAEko entitateen Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoetan ageri ohi ez den esparrua da hau. Eskola ezberdinekiko lankidetzaz haratago doa, Trebiñuko hezkuntza eskaintza publikoaz euskarak ez baitu onarpenik, horrek haurren euskalduntzean duen eragin guztiarekin. Hortaz, hezkuntzan aurrerapausoak ematea gakoa den esparrua da etorkizunera begira.

Laugarren ardatzari Administrazio deitura jarri diote. Hezkuntzarekin gertatzen den bezala, administrazioaren esparrua Plan Estrategikoetatik at geratu ohi da neurri eta legedia bereizien esku. Trebiñuko Barrendegian baina, administrazioan eragiten duen lege edo arau multzorik ez dago. Gauzak horrela, eta beti ere Udalen borondatearen esku administrazioan eragiteko neurri sorta bat jaso da, etorkizuneko balizko “Erabilera Plan” baten aurrekari gisa.