AKTUALITATEA


| 2019-10-29 08:28:00

2017.urtean, Rioja Kontseilu Arautzaileak EUIPO Europako marken erregistroan Rioja Alavesa izeneko marka erregistratzeko eskaera egin zuen; 2018.urtean, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillak errekurtso bat aurkeztu zuen eskaera horren aurka; eta, 2019.urteko maiatzean EUIPOk Kuadrillak aurkeztutako errekurtsoa onartzen ez zuela jakinarazi zuen. Azkenik, 2019ko abuztuaren 28an EUIPOK Rioja Kontseilu Arautzailearen jabegopean erregistratu du ofizialki Rioja Alavesa marka 16., 30.,32. eta 33. sailkapenetan erabili ahal izateko -ardoa, edariak, poltsak, etiketak, arte piezak, ontziratzeko edo paketatzeko artikuluak...-.

Zentzu honetan, Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak gogoratu du Rioja Kontseilu Arautzaileak Rioja Alavesa marka ia 20 urte erregistratuta duela Espainiako marken erregistroan. Guardia-Arabako Errioxako Eskualdea/Cuadrilla de Laguardia- Rioja Alavesa Arabako Lurraldearen Kuadrilla baten izen ofiziala da hau. Eskualde historiko honen izena Erdi Aroan Nafarroako Sonsierra/Subserra izan zen, Nafarroako erreinuaren eskualdea baitzen eta orain baino eremu handiagoa zuen.

Historiarekin jarraituz, Arabako Errioxa/Rioja Alavesa izena duela hiru mende agertzen hasi zen. XVIII. mendean, besteen artean, Felix Samaniegok eta Real Sociedad Bascongada de Amigos del País izeneko elkarteak Rioja Alavesa izena erabili ohi zuten euren idazkietan. Erreinuko kartografo ofiziala zen Tomas Lópezek 1769. urtean argitaratutako mapa ezagunean eskualdeari Rioja Alavesa-Sonsierra de Navarra ematen zaio.

“Rioja Alavesa/Arabako Errioxa izen historikoa izanik, bere izena edo marka erabiltzeko eskubidea eta jabegoa talde komertzial pribatu baten esku egotea onartezina izateaz gain, oztopo nabarmena da eskualdea eta Arabako Errioxako ardogintza sustatzeko”, salatu du EH Bildu-k. “Arabako Foru Diputazioak zein Eusko Jaurlaritzak euren zerbitzu tekniko eta juridikoen bidez izena edo marka erabiltzeko eskubidea lehenbailehen berreskuratu beharko lukete”. Hau dela eta, ondoko mozioa defendatuko du asteazken honetako Osoko Bilkuran: Arabako Batzar Nagusiek eskatzen diote Arabako Foru Diputazioari, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrilla eta Eusko Jaurlaritzarekin batera eta elkarlanean, euren zerbitzu tekniko eta juridikoen bidez Rioja Alavesa/Arabako Errioxa marka berreskura dezatela. Kike Fernandez de Pinedo bozeramaileak berak defendatuko du mozioa.