Araba

Albisteak

Arabako egoitza guztietako erabiltzaile zein langileei PCR probak egitea eskatu dio EH Bilduk Foru Gobernuari


Iragarritako azken test masiboak soilik sare publikoan egingo direla aurpegiratu dio Zerbitzu Sozialen Sailari

| 2020-08-18 10:47:00

Arabako egoitza guztietako erabiltzaile zein langileei PCR probak egitea eskatu dio EH Bilduk Foru Gobernuari, beti ere kontuan izan gabe publikoak diren, hitzartutako plazak dituzten edo erabat pribatuak diren. Izan ere, ELA eta LAB sindikatuek jasotako datuen arabera, test masibo horiek ez ari dira egiten egoitza pribatuetan. Horrela iragarri dute gaur Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean. Hau ikusita, EAJren gobernuak pasa den abuztuaren 7an egindako iragarkia “kea” izango da EH Bilduren ustez, eta ez da eraginkorra izango sare osora zabaltzen ez den bitartean.

 

Aipatu behar da, Arabako Foru Aldundiak adinekoen egoitzetako 779 plaza soilik kudeatzen dituela zuzenean. Beste 3.000 plaza pribatuak edota itunpekoak dira 80 zentro pribatuetan banaturik. Arabako egoitzek gogor pairatu dute COVID-19a eta maiatzera arte 140 erabiltzailek bizitza galdu zuten pandemiaren ondorioz egoitza publiko zein pribatuetan.

 

EH Bildutik birusari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzea eskatu dio Foru Aldundiari, besteak beste, sare osoan testak egitea, behar bezalako arreta bermatzeko langile kopurua handitzea eta beharrezkoa den materialaren erosketa bermatzea, udaberriko egoera dramatikoa errepika ez daitezen, langileek norbera babesteko ekipamenduak beren eskuekin egitera euren buruak ikusi baitzuten.