AKTUALITATEA


| 2021-07-05 08:37:00

Arabako Batzar Nagusiek, EH Bilduren proposamenez, indarkeria matxistaren inguruan pandemia garaiko emakumeen testigantzak eta esperientziak biltzea onartu dute gaur. Batzarkide talde guztiek EH Bilduren mozio batetik eratorritako transakzio-zuzenketa babestu dute, V. Berdintasun Plana ezarri eta garatzeko programak eta neurriak zehaztu eta egokitzeko.

 

Hala, berdintasunerako plana egiteko, eta talde feministekin, emakumeen elkarteekin eta berdintasunerako Kuadrilletako eta Udalerrietako teknikekin lankidetzan, emakumeen diskriminazio-egoera guztiak eta pandemiak horietan izan dituen ondorioak ezagutu nahi dira. Azkenik, testuak jasotzen du konpromiso politiko eta ekonomikoak indartu behar direla herritarrak indarkeria matxistaren aurrean komunitate zaintzaile bihurtzeko.

 

Anhize Solaun EH Bilduko prokuradoreak gogorarazi duenez, “emakumeen prekarietatea egiturazko arazo bat da eta, COVIDen ondorioz nabarmenago geratu da”. Adibide batzuk hauek dira: erasotzailearekin bizi behar izatea eta konfinamenduan etxetik atera ezin izatea; zaintza-lanak beren gain hartzen dituzten emakumeen lanaren prekarizazioa areagotzea (etxetik lan egin behar izatea, konfinamendu-aldian etxeko lanez eta pandemiaz arduratzea...); osasun-langileek bizi izan dituzten egoerak, gehienak emakumeak... “Gure ustez, egoera hori guztia saihesteko programak jarri behar dira”, nabarmendu du.