AKTUALITATEA


| 2020-04-27 08:31:00

EH Bildu-k mozio bat erregistratu du Arabako Batzar Nagusietan Euskal Autonomia Erkidegoari eta Arabari mugatu eta murriztu zaizkion eskumenak eta ahalmenak berehala itzuli ditzatela eskatzeko Espainiako Gobernuari, krisi ekonomiko, sozial eta sanitario honi aurre egiten erabili ahal izateko. 

Bestalde, Arabako Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuak izandako jarrera birzentralizatzailea deitoratzea eskatu du Kike Fdz de Pinedo bozeramaileak: “Bertako errealitatea, lehentasunak eta eskumenak lehenetsiz jardutea da krisialdi honek sortu duen egoerari eraginkortasunez aurre egiteko baldintza nagusia”.

Zentzu berean, Jaurlaritza eta beste Lurralde Historikoekin batera, normaltasuna berreskuratzeko bidean eman beharreko urratsen plangintza propio bat diseinatu dezala eskatu dio EH Bilduk Aldundiari. Hau guztia, aurreko kasu batzuetan eskatu den bezala, gainerako indar politikoekin eta sozialekin adostu beharko litzateke.

Mozioaren azken puntu gisa, Aldundiari konfinamendua bukarazteko eman beharreko urratsak zehazteko Instituzioarteko Batzorde bat sor dezala eskatu du EH Bilduk, Arabako Udal, Kuadrilla eta Kontzejuetako ordezkarien parte-hartzea bilduz.

Fdz de Pinedok salatu duenez, alarma egoera bitartean, EAE eta Nafarroa mugatuta egon dira, Estatuko botereen esku-hartzea etengabea izan baita. “Ez dugu zaintza eta osasun alorreko langileen baldintzak behar bezala arautu eta babesteko ahalmenik izan, gaixoak zein zaintzaileak arriskuan jarriz”, gaitzetsi du. 

Gainera, Espainiako armadaren presentzia salatu nahi izan du bozeramaileak: “Inork ez du haien presentzia eskatu, bertako babes zibileko zerbitzuek egin ahal zituzten lanetan esku hartu dutelako”. Are gehiago, EH Bilduren ustetan, sare ekonomiko eta industrialaren ezberdintasuna eta berezitasun propioak ere ez dira kontutan hartu.

Amaitze aldera, Aldundiaren partetik hau guztia salatzeko urratsik egin ez dela deitoratu du Fdz de Pinedok: “Aldundiak ez du iniziatibaz jokatu, egoerak gure erakundeek urrats ausartak egitea eskatzen badu ere. Madrilen ekimen politiko guztia zentralizatzeko hartu den erabakiaren gainetik, gure sare ekonomiko, sozial eta kulturala babesteko garaia da”. Zentzu honetan, Munduko Osasun Erakundeari eta Europako beste esperientzia batzuei kasu egitea eta bertako baliabideak egokiro kudeatzea aldarrikatu du EH Bilduk.