AKTUALITATEA


| 2020-06-13 08:18:00

Ekainaren 15ean urtebete beteko du PSE-EE-EAJ-PNVren koalizio gobernuak Andoaingo udal gobernuan. Hori dela eta, EHBilduk agerraldia egin du. Bertan, Andoni Alvarezek hartu du hitza, “hauteskundeak irabazi zituen lan-taldearekin agertzen gara gaur hemen, lan kontuagatik bertan egon ezin izan duen  Roge Míguez ezik”. Lehen zati horretan, lehen urtebetearen balorazioa hitz bakar batean laburbildu beharko balu hitz hori “atzerapausoa” dela nabarmendu du Alvarezek.

Hiru esparru nabarmendu nahi izan ditu atzerapausoaren ezaugarrietan sakontzeko. Lehena “programa bateratuaren falta” dela aipatu du. “PSE eta PNV gutxi landutako programa elektoral batekin aurkeztu ziren hauteskundeetara, behin udal gobernura iritsita, Andoainek zituen lehentasunak eta beraien programek bat egiten ez zutela konturatu ziren. Egoera horretan, lehendik martxan zeuden egitasmoak aurrera eramatera mugatu zen bere ekimena” adierazi du, jarraian honoko hau gehitu du “Proiektu garrantzitsuak frenatu dira. Olagaingo saneamendua pliegoa egin eta obra martxan jartzea falta zen bakarrik, pliegoa duela gutxi onartu da, eta obraren hasiera urtebetez atzeratu da adibidez. Beste gai askorekin antzeko gauza gertatu da, aurreko gobernuarentzat lehentasuna izatetik, inork ez dakien egoeran daude orain, kiroldegiko bigarren pista estalia, udal liburutegia....”

Bigarren esparru bezela, “gobernantza eredu bertikala” nagusitu dela esan du Alvarezek. “Lan estiloan ere atzerapauso handia eman da azken urtean” nabarmendu du eta jarraian “Lan eredu bertikala jarri da martxan, dena alkatearen bulegotik pasa behar du, dena 2-3 pertsonen artean erabakitzen da. Partehartzerako eta elkarlanerako martxan zeuden gune asko desagertu dira, eta mantendu diren beste batzuk (auzotarrekin bilerak edo etxebizitza mahaia adibidez) tramite hutsagatik egin dira. Oposizioari lan egiteko ematen zaizkion epeetan ere azpimarra jarri nahiko nuke. Gai garrantzitsuen inguruan denbora gutxi ematen da lanerako eta egiten diren ekarpenak aurrez baztertuak izaten dira kasu askotan” esan du.

COVID19ak sortu duen krisia ere aipatu nahi iza du “Lehenik eta behin krisi honengatik kolpatuak izan diren andoaindarrak gogoan izan nahi nituzke. Bai osasun arazoak, edo arazo ekonomikoengatik egoera gogorrak bizitzen ari diren guztiekiko errekonozimendua eta elkartasuna adierazi nahiko nuke. Horiei begira egin behar dugu lan, horiei begira jarri behar dugu gure onena.” esan du lehenik. Jarraian, udal gobernuak krisian egin duen kudeaketa izan du mintzagai “Azken hiru hilabete hauetan bizi izan dugun egoerak ere azterketa propioa behar du. Inork espero ez zuen egoera bat izan da, eta udaletxe guztiak jokoz kanpo egon baziren ere, pixkanaka egoerari erantzuten ikasi dute. Zapore gazi gozoarekin baloratzen dugu krisia kudeatzeko hartutako erabakien inguruan. Lehenengo astean elkarlana nagusitu zen, ondoren guztiz baztertuak izan ginen, eta azken aste hauetan eta soilik departamentu batzuetan (kultura, euskara, berdintasuna edo sustapen ekonomikoan adibidez) berrartu da elkarlana. Honek bere ondorioak izan ditu hartutako erabakietan. Gure ustez Andoainen gauzak hobeto eta lehenago egin zitezkeen, eta gure ustez Andoaingo udala beste herriekin alderatuta gai askotan makal dabilela ondorioztatu daiteke.” esan du.

Amaitzeko, urte honetan zehar EHBilduk egindako lana baloratu nahi izan du. Balorazio positiboa egin du, eta oposizioaren bi zereginetan eraginkorrak izan direla nabarmendu nahi izan du. Batetik gobernuari egin beharreko kontrolan adibidez,“oposizioaren lanarengatik izan ez balitz, udal gobernuko kideen ondasunak ez ziren publikoak izango” gogoratu du eta bestetik proposamenen atalean sartuta “80 proposamenetik gora egin ditugu urte guztian zehar. Oposizio aktiboa egiten ari gara, eta eraikitzailea. Gure proposamenak ez dute beti harrera ona izaten lehen momentuan, baina denborarekin udal gobernuak bereak egiten ditu eta aurrera eramaten ditu kasu askotan” azpimarratu du.

Bestalde, udaletxeko jardunaz gain, herrian, herritarrekin eta eragileekin egindako lana nabarmandu nahi izan du “asko dira guregana jotzen duten pertsonak eta eragileak, eta baita gure eskaerari erantzunez gurekin elkartzen diren eragileak. Horri esker, proposamen errealak eta herriarentzat onak egin ditzakegu. Etorkizunean elkarlan honetan sakondu nahi dugu” esan du.

Etorkizunean eraginkorrak izaten jarraitzeko asmoa eta gogoa azaldu ditu, “Andoaingo lehen indar politikoa gara, eta hori ardura handia dela uste dugu. Herritarrekin eta herri eragileekin elkarlanean jarraitzeko konpromisoa dugu, eta oposiziotik, gobernatzen egongo bagina bezala proposamen zehatzak egiten jarraituko dugu. Hori da eskatzen zaiguna, eta hori da egiten dakiguna” esan du, ohikoa egin duen “gora Andoain eta gora andoaindarrak” esaldiarekin amaitzeko.