AKTUALITATEA


| 2020-04-04 11:24:00

Nolakoa da 2020. urterako aurrekontu batzuk onartzea lau hilabeteko atzerapenarekin?

 

Egia esan, Amurrioko udaletxean aurrekontuak berandu onartzeko ohitura desegokia dago, zirriborroa urte amaieran onartuta izateko aurkeztu beharrean, urteak hiruzpalau hilabete dituenean aurkezten dute, alegia. Azaroko osoko bilkuran Gobernu Taldeari gogorarazi genion bere ardura zela aurrekontuen eztabaida nola garatu behar zen planteatzea, ordutik zain egon gara. Otsailaren 29an alderdi sozialistak erantzukizuna exijitu zigun oposizioari, baina kontua da martxoaren 6rako PSEk eta EAJk jada adostu zutela aurrekontua onartzea. Oposizioko gainerako taldeei posta elektronikoz helarazi ziguten, gure helburuak azaltzeko aukerarik izan gabe. Are gehiago, EH Bilduk aurrekontuan zein ildo nagusitan oinarritu beharko lirateken aipatzeko aukerarik ere ez zuen izan.

 

Zer iritzi duzue Gobernu Taldeak aurkeztutako aurreproiektuaz?

 

Kontinuista, kontserbadorea, aspergarria, gobernatzen jarraitzeko soilik gobernatzen duenaren lana. Parte-hartzerik eta gardentasunik ez duena. Zerbait azpimarratu behar bagenu, zalantzarik gabe, Amurriorentzako proiektu orokorrik eza da. Auzotarren beharrei erantzungo dieten ekimenak faltan botatzen dira.

 

Bestalde, hasiera batean arazoa zena, hau da, zirriborroaren aurkezpenean izandako atzerapena, nahi gabe aukera bihurtu zen. Aurreikusi gabeko osasun-larrialdiarekin eta haren etorkizuneko ondorioekin bat etortzeak aukera ematen zigun aurrekontu-aurreproiektua berrikusteko, eguneratzeko eta sortzen ari diren eta etorkizun hurbilean sortuko diren arazo sozioekonomikoetara egokitzeko. Baina presa handia izan dute beren proiektua onartzeko. Badirudi hiru hilabetez zain egon ondoren ezin zela beste hiru egun gehiago itxaron, onartu egin behar zirela, bai ala bai, azken hiru asteetan mundua erabat aldatu den arren.

 

Proiektu horren aurrean, zer proposatzen du EH Bilduk?

 

Ezer baino lehen, bizi dugun krisi larriaren ondorioz Udalak errealitate berriari aurre egiteko har ditzakeen neurriei lehentasuna ematea, denbora luzez jarraituko baitugu errealitate honetan murgilduta.

 

Eta horren ostean, proposamen sinpleak eta koherenteak letozke, batez ere egungo errealitate gordin berri honetaz jabetuta egingo ditugunak, etorkizun zalantzagarrian pairatuko dugun errealitatea, alegia. Ez da milioi askoko inbertsioak egiteko urtea, ahal diren baliabide guztiak bideratu behar ditugu pandemiak eragindako ondorio sozial eta laboralak arintzeko, eta gure eguneroko bizitzan hobekuntza txikiren bat sartzearekin konformatu behar dugu.

 

Adibidez, udal instalazioa den Kultur Etxea, zaharkitutako eraikina da eta gabezia ugari ditu. Joan den legegintzaldiaren amaieran EAJk 6.000.000 euroko proiektu eginezina aurkeztu zigun. Baina eraikinaren eraberritze integral bati ekin ahal izan arte, 80.000 euro bideratu ditzakegu egungo instalazioak eta bertako altzariak hobetzeko. Horretaz gain, 50-60 pertsona hartzeko gaitasuna izango duen erabilera anitzeko gela bat sortu dezakegu.

 

Amurrioko Udaletik sustatu behar den beste praktika bat kalitatezko enplegua sortzea da. Eta lan erraza da tokiko, eskualdeko eta gazteen enplegua sustatzea; horrek, gainera, herriko langabeei enplegua emateaz gain, udalak duen langile-defizita arinduko luke.


 

Gaur egun egoitzak jomugan daude. Kontatu gehiago Landazuri proiektuari buruz.

 

Bai, 2015etik defendatzen ari garen proiektua da. Hasieran, egungo Landazuri Etxea eraistea eta eraikin berri bat eraikitzea proposatu genuen; era horretan, eguneko zentroa nahiz etxebizitza komunitarioa zentro bakar batean bateratuz. Egungo eta etorkizuneko premiei erantzuteko behar diren zerbitzu egokiez hornitutako zentroa izango litzateke. Honekin guztiarekin, zerbitzua erabiltzen duten pertsonen autonomia sustatu eta bizi kalitatea hobetu nahi da.

 

Gaur egun, 40.000 euroko zuzenketa bat aurkeztu dugu prozesu bat  finantzatzeko, non gure adinekoen zaintzarekin lotutako zerbitzuen kudeaketan esku hartzen duten pertsona, elkarte eta erakunde guztiek parte hartuko luketen. Aipatu prozesua zerbitzu horien kudeaketa integraleko proiektu batean amaituko da, eta giza baliabideen zein azpiegituren hornidurari helduko dio. Hori izan beharko litzateke hurrengo urteetarako apustua: inbertsiorik garrantzitsuena dela ulertu eta gure baliabide ekonomikoen zati handi bat eta Aldunditik datozenak horretara bideratzea.

 

Komentatu diguzu ostiralean, hilak 27, aurrekontuak aztertzeko batzordea eratu zenutela, zer erabaki zen?

 

Gure proposamenetako bat bera ere ez zen negoziatu. Mespretxurik eta axolagabekeriarik handienarekin, denak ukatuak izan ziren inolako eztabaidarik gabe, iraingarria izatera heldu zen prepotentzia batekin jokatu zuten. Orain Amurriok aurkeztutakoak, aldiz, eztabaidatu egin ziren. Zuzenketa horietan guztietan urtean zehar jorratzeko "konpromisoa" hartzea lortu zuten, eta harrigarria bada ere, 30.000 euro aurkitu zituzten festetarako agertoki batean gastatzeko.

 

Benetako burugabekeria izan zen, kontuan hartuta Amurrio bezalako herri baten urte osoko aurrekontua 18 milioi euro baino gehiagokoa dela, eztabaida ordu erdi batean aireztatu zela esatearekin, dena esanda dagoela uste dut.

 

Zuen ustez, nola ekin beharko litzaioke COVID-19ren krisiari arlo ekonomikoan?

 

Herritarrak babestuz, krisi honek eragiten dituen kalte larriak arintzen lagunduko duten neurriak hartuz, era guztietako laguntza publikoak erraztuz eta politika sozialen eta enplegua sustatzeko politiken mesedetan behar-beharrezkoak ez diren inbertsio guztiak geroratuz.

 

Ikuspegi ekonomikoarekin, 600.000 euro bideratzea proposatu dugu, krisi honek Amurrioko bizilagunengan izan ditzakeen ondorioak arintzeko.

 

200.000 saltoki txikiei, autonomoei eta tokiko ekoizleei laguntzeko izango lirateke. Sektore horiek dira egoera honen zatirik desatseginenetako bati aurre egingo diotenak.

 

Era berean, 200.000 eurotan handituko genuke udal-laguntzetara bideratzen den partida. Dakizuen bezala, laguntza horiek Udalak berak eskaintzen ditu gizarte-bazterkeria jasateko arriskua duten pertsonentzat, eta Eusko Jaurlaritzatik datozen gizarte-larrialdietarako laguntzen (GLL) osagarri dira. 

 

Eta gainerako 200.000 euroekin diru sail berri bat sortuko genuke, kontingentzia funts gisa, osasun krisiak eragindako egoera guztiei aurre egiteko, "etor daitekeen guztirako".

 

Era berean, Udalak zenbait tasa kobratzen dizkie herritarrei, hala nola espazio publikoa okupatzeagatik esaktzen dena eta zergak, OHZ adibidez. Alarma egoera ezarri zenetik, zerga horiek kobratzea etenda dago. Ikuspegi sozialarekin, gure taldeak Gobernu Taldeari eskatzen diona da berrikusi daitezela, ahalik eta azkarren, tasa eta zerga horien kobrantza arautzen duten ordenantzak; behin alarma-egoera amaituta, Amurrioko herritarrei betebehar horiei aurre egiten laguntzeko, krisialdi honen eragina alarma-egoerak irauten duena baino handiagoa izango baita.

 

Ba al du Amurrioko Udalak nahikoa diru COVID-19rako partida bat gaitzeko?

 

Gastuari dagokionez, aurrekontu aurrerakoi batek erabakitzen du zer partidatara bideratzen ditugun eskura ditugun baliabideak.

Dirua badago, baina, non dago Gobernu Taldearen borondate politikoa?