AKTUALITATEA


| 2019-08-20 17:42:00

Amurrioko alkateak jaietako zinegotziarekin batera, publikoa egin dute 2019ko jaien balorazioa. Balorazio horretan, era azkarrean eta beste batzuen iritziak kontuan hartu gabe, oso jai onak, parte hartze altuarekin eta inolako gertakaririk gabekoak izan direla diote.

 

Urtean zehar Jai Batzordea martxan da jaietako programa prestatzen, ondorioz, desaproposa iksuten dugu balantzea batzorde horretan parte hartzen duten kuadrilla, talde ezberdinetako ordezkari edota era pertsonalean parte hartzen dutenen eskutik ez etortzea. EAJko ordezkari politikoek egindako balorazioak kritikotasuna du faltan, urtez urteko argudiaketak errepikatuz eta jai patronalak ontzat emanez. Izaera publikoa duen balantze bakar bezala adieraziz, itxura partidista izanik.

 

Jaiak antolatzeko gizartearen parte hartzea eskatzen bada, hauen balorazioa ere mahaigaineratu beharko da.

 

Maiz, Jai Batzordea irekia eta autonomoa dela adierazi da, baina errealitatea ez da saltzen den modukoa: herriko eragileen parte hartzea eta inplikazioa nahiko mugatua da. Gure ustez, arazoa besteak beste, eramaten den planteamenduari aladaketa egiteko aukera gutxi izatearen emaitza da. Desadostasunak daudenean, irizpide politikoari men egiten diote “udal gobernuak erabakita” esaldiaren pean. Honek, noski, ez du parte hartzea gonbidatzen.

 

EH Bildu Amurrioren ustetan, plazaratu den balorazio horretan faltan dago txupinazo egunean koadrilek egindako plantoa, egon diren kexak jaiak astelehen batean hasteagatik, gazteen lonjetan gertatutakoa, Done Rokeren eguneko bazkariaren leku aldaketa, kontratatu diren ikuskizun motak (batzuk udaleko politikekin bat ez datozenak) edota jai batzordean plantetutako eztabaida jai ereduaren inguruan. Beste alde batera begiratzeak eta gertakari hauek estaltzen saiatzeak agerian uzten du ez dagoela baldintzarik balorazio duin bat egiteko, baizik eta, proganda hutsa dela.

 

EH Bildu Amurriotik, jai eredua birpentsatu beharra dagoela uste dugu. Amurrioko herritarron ahotsa entzun beharra dagoela datozen urtetako jaiak nolakoak nahi ditugun definitu ahal izateko.

 

Azkenik, koadrilei, Amurrioko Jai Herrikoiei eta orokorrean gizarte guztiari eskertu nahi dizuegu zuen esfortsua, zuen grina eta zuen parte hartzeko gogoak. Baita ere, zazpi egun hauetan zehar alternatiba ezberdinak eman izanagatik.