Manu Ayerdi presidenteordearen agerraldia eskatu du Adolfo Araiz bozeramaleak, prozedura honetaz azalpenak eman ditzan. “Nafarroako Gobernuaren kontratazio atarian empresa publikoendako kontrataziorako ABLE (Aldi Baterako Lan Enpresa) baten erabilera topatzeak larritu gaitu” adierazi du Adolfo Araizek.

“Ez dugu ulertzen nola Enpresa Publikoen Korporazioak ABLE batengana jo duen aldi baterako kontratazioetarako, enplegu publikoa izanik, meritu, aukera berdintasun eta gaitasuna bermatu behar denean, nahiz eta aldi baterako enpleguak izan” azaldu du EH Bilduko bozeramaleak. “Korporazioak lista publiko eta gardenak egin beharko lituzke bere langileak kontratatzeko eta ez horrelako empresa banpiroetara jo, ezin baitugu ahaztu ABLE hauen etekina marjina gordinean datzala, hau da Administrazioari kobratuko dion plusa” salatu du.

“Zail egiten zaigu ulertzea nola Nafarroako Gobernuak indartuko duen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren kontratazioetarako bitartekari lana, bere empresa publikoek ABLEen bitartez kontratatzen badituzte langileak” azaldu du Araizek.

“Uste dugu Korporazioak hausnarketa egin eta prozedura hau kontratazio ataritik kendu beharko lukeela. Akordio programatikoan adostu bezala, Nafar Gobernuak, aipaturiko meritu, aukera berdintasun eta gaitasuna bermatu beharko baitu kontratazio publikoetan. ABLE-ak ez dira printzipio hauetan oinarritzen, prozedura ez gardenak erabiltzen dituzte eta kasu askotan diskriminazio ideologikoa darabilte kontratatzen duten langileriaren artean” gogorarazi du.

Horrexegatik, EH Bilduko talde parlamentarioak “erabaki hau zuzendu, irekitako prozedura bertan behera utzi eta lista ireki eta publikoen sistema zabaldu dadila eskatzen dio Uxue Barkos Gobernu eta Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioko presidentari”.