Esa urtegia handitzeko lan guztiak eteteko eta Nafarroako Gobernuak martxan jarritako prozesua aintzat hartzeko eskatuko du gaur EH Bilduk. Koalizio abertzaleak bi emendakin aurkeztu dizkio Unidos Podemosen mozioari.

Esa urtegia handitzeko lanek berariaz sortu dituzten segurtasun arazo eta geoteknikoei buruz eztabaidatuko du gaur arratsaldean Espainiako Diputatuen Kongresuak. Unidos Podemosek aurkeztutako mozioari, bi zuzenketa egin dizkio EH Bilduk. Alde batetik, segurtasun arazoak argitu bitartean lan guztiak bertan behera geratu daitezen, ez soilik Sigues (Aragoi, Espainia) ingurukoak, Unidos Podemosek bere mozioan proposatu duen bezala.

Nafarroako Parlamentuaren iragan ekainaren 18ko adierazpen instituzionalari jarraiki, ikerketa independenteek argitu beharko dute lanen egoera zein den. Hori jakin bitartean, lan guztiak eten behar direla uste du EH Bilduk, lanen segurtasunarekin zerikusia duten obrak izan ezik. Ikerketek lanen arriskuaz ohartarazten badute, handitze lan guztiak behin betiko eteteko exijituko du koalizioak. “Ongi dago ikerketa independente bat eskatzea, betiere Espainiako Gobernuaren ezezkoaren ostean Nafarroako Gobernuak martxan jarritakoaren gomendioak aintzat hartzen badira”.

Horrez gain, Nafarroan bultzatutako ikerketari, 2016ko ekainean eginiko txostenaren ondorioei eta Nafarroako Gobernuak irailaren 6an eskatutako txostenaren gomendioei jaramon egiteko eskatuko du Marian Beitialarrangoitia diputatuak gaur. Hau da, lanen segurtasuna bermatzeko aditu talde bat martxan jartzekotan, Nafarroako Gobernuaren lanari bizkar ez ematea galdegingo du. “Aintzat hartuko al ditu Espainiako Gobernuak lanak eteteko adituen gomendioak edo arriskuei bizkar eman eta aurreko gobernuak bezala dirutza xahutzen jarraituko du urtegia porlanean lurperatu arte?”, galdetu du diputatuak.

Beitialarrangoitiak lehenbailehen esku hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari koalizioaren izenean: “Geldi itzazue lanak eta egin ezazue behingoagatik ikerketa serio eta independente bat, Nafarroako Gobernuak zuen ezezkoaren aurrean egin duen bezala. Utz iezaiozue aurrekontua boskoizteari eta entzun itzazue Nafarroako erakundeen eta urtegiaren inguruan bizi diren herritarren eskariak”.

@ehbilducongreso