Rebeka Ubera: “Egoera gogortzen ari da egunetik egunera, baina Gobernuak beste alde batera begiratzen jarraitzen du. Horregatik, ekimena hartu eta hiru iniziatiba aurkeztu ditugu Legebiltzarrean”.

EH Bilduk bere kezka agertu du Jaurlaritzak geldirik jarraitzen duelako itunpeko ikastetxeetan beste zortzi eguneko greba deialdia egin berri denean. Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogoratu duenez, gizarte ekimeneko ikastetxeak diru publikoz finantzatzen dira, beraz, Hezkuntza Sailak badu erantzukizun publikoa auzi honetan eta berari dagokio ekimena hartzeko ardura.

Horregatik, Jaurlaritzari eskatu dio bitartekari lanak egin ditzala patronalaren eta sindikatuen artean, gizarte ekimeneko ikastetxeetan errotzen ari den gatazkari irtenbide bat bilatze aldera.

Uberak ohartarazi duenez, “egoera gogortzen ari da egunetik egunera, baina Jaurlaritzak beste alde batera begiratzen jarraitzen du”. Gobernuaren paralisia ikusita, legebiltzarkideak hiru ekimen aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean. Alde batetik, interpelazio bat aurkeztu du Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek Legebiltzarrean argitu dezan Gizarte Ekimeneko ikastetxeen gatazkan esku hartzeko asmorik duen ala ez.

Bestetik, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGTren agerraldi bateratua eskatu du, gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen ordezkari diren heinean, azal dezaten negoziazio mahaian egin dituzten aldarrikapenak. Hirugarrenik, Kristau Eskolak eta AICE-IZEA ikastetxeetako arduradun nagusien agerraldia ere eskatu du, argitu dezaten zeintzuk diren akordioetara iristeko dauden zailtasun nagusiak.

@ehbildu_legebil