EH Bilduren iritziz, “segurtasun baldintzak ez betetzeagatik instalazioak presaka abandonatzeko agindua eskandalagarria da, eta pentsarazten du bertako ikasle eta langileen segurtasuna arriskuan egon ahal izan dela”.

Rebeka Uberak azalpenak exijituko ditu Legebiltzarrean. EH Bilduk “lehen mailako eskandalutzat” jo du Hezkuntza Sailak Barakaldoko Antonio Trueba ikastetxea presaka hustu eta ixteko gaur goizean eman duen agindua, eraikinak gutxieneko segurtasun baldintzak betetzen ez ditu eta. Rebeka Uberaren esanetan, “Hezkuntza Sailaren planifikazio faltak eta arduragabekeriak bakarrik azal dezakete ikastetxeko zuzendaritzak familiei helarazitako gutuna, zeinaren bitartez jakinarazi baitie zentroa premiaz itxi behar dela, gaur arratsaldeko jarduera ere bertan behera geratu dela eta bihar ez direla eskolak emango”.

“Gaur gertatu dena –esan du EH Bilduko legebiltzarkideak– oso larria da, sinestezina guztiz; instalazioen egoera txarra dela eta ikastetxea abandonatzeko erabaki horrek pentsarazten du bertako ikasle eta langileen segurtasuna arriskuan egon ahal izan dela, eta Hezkuntza Sailari dagokio edozein zalantza argitzea”. Bada, Uberak kontuak eskatuko dizkio horren inguruan Cristina Uriarte sailburuari Legebiltzarrean, datorren asteko Kontrol Plenoan. Halaber, legez besteko proposamen bat aurkeztu du Hezkuntza Sailari eskatzeko Barakaldoko eskola mapa lantzeari behingoz ekin diezaiola eta hezkuntza arloko beharrak modu egokian planifikatu ditzala, kalitateko irakaskuntza publikoa bermatzeko.

Proposamenaren bigarren puntuan Uberak eskatzen du Antonio Truebako ikasleak Barakaldon bertan eskolaratzeko, onartezina baita orain Bilboraino joan behar izatea. Izan ere, horixe da Hezkuntza Sailaren asmoa, ikasturtea Bilboko Artazu Goiko ikastetxean segi dezatela. “Horrek ere planifikazio falta ikaragarria erakusten du, are gehiago kontuan hartzen badugu Antonio Truebako instalazioak berritzeko obrak duela hamar urte egin behar zirela. Hain justu, Barakaldoko egoerak kezkatuta, EH Bildutik bertako ikastetxeak bisitatzeko eskaria egin genuen duela bi aste Legebiltzarrean, bertatik bertara egiaztatu ahal izateko zein den egoera eta zein diren udalerriak dituen beharrak hezkuntza sistemari dagokionean”.

@ehbildu_legebil