Oihana Etxebarrietak hala proposatu du Legebiltzarrean, bai eta Ganbarak Gazteluetako zuzendariaren adierazpenak gaitzestea ere, iraingarriak izan zirelako. Horrelakoetan Lakua akusazio partikular gisa aritzea eskatu du.

EH Bilduk Leioako Gaztelueta ikastetxeko afera ekarriko du Legebiltzarrera. Oihana Etxebarrieta legebiltzarkidearen iritziz, larria eta onartezina da Gazteluetako zuzendaritzak erakutsi duen jarrera sexu abusuak salatu zituen ikaslearekiko, bera babestu beharrean, Bizkaiko Auzitegiak horrexegatik zigortu duen irakaslearen alde jarri delako. Hori dela eta, Etxebarrietak zuzenketa egin dio gaur haurren eta nerabeen aurkako sexu indarkeriari buruzko Podemosen proposamen bati, Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari galdegin diezaion Gazteluetari diru-laguntza publikoa berehala kentzeko. Halaber, EH Bilduko legebiltzarkideak proposatu du Jaurlaritza “akusazio partikular gisa aritu dadila Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan sexu erasoak salatzen diren kasuetan”.

Etxebarrietak erroldatutako zuzenketak Gazteluetako zuzendariak sexu abusuak egiteagatik zigortutako irakaslea defendatzeko egin zituen adierazpenei ere heltzen die. “Deitoragarri, umiliagarri eta iraingarritzat” jo ditu eta, ondorioz, proposatu du Legebiltzarrak zuzendariaren hitzak gaitzestea eta biktima izan zen ikasleari babesa adieraztea.

@ehbildu_legebil