Julen Arzuagak premiazkotzat jo du Beltran de Herediak azalpenak ematea, epaiak oso gogor kritikatu duelako Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzaren jokaera eta horrek ondorioak ekarri behar dituelako.

Julen Arzuagak Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediaren berehalako agerraldia eskatu du Legebiltzarrean Cabacas auziko epaiak ezinbestean ekarri behar dituen ondorioen inguruko azalpenak eman ditzan. EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du Bizkaiko Auzitegiak, ertzain bat zigortzeaz gainera, Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzaren jokabidea oso gogor kritikatu duela, batetik, Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen Ertzaintzaren oldarraldia “neurrigabea eta bidegabea” izan zelako, eta, bestetik, “ikerketa eskasa” izan delako. Gainera, epaiketan deklaratu zuten ertzainen sinesgarritasuna zalantzan jarri dute epaileek, haien helburu nagusia “erantzukizunak saihestea” izan zelako, “nolabaiteko espiritu korporatiboaz”.

Arzuagaren iritziz, “Ertzaintzaren eta Segurtasun Sailaren irudia guztiz jota atera da epaiketatik; hori dela eta, Beltran de Heredia neurriak hartzera behartuta dago, eta horiek Legebiltzarrean premiaz azaltzea nahi dugu. Epaiak egozten diena oso larria da eta ondorioak izan behar ditu”.

EH Bilduk sailburuaren agerraldia eskatu du beste batzuetan, Cabacas auzia dela eta, baina aurrekoetan Beltran de Herediak uko egin dio azalpenak emateari prozesu judiziala martxan zegoela argudiaturik. “Epaia atera ostean amaitu zaizkio aitzakiak eta, beraz, ikaragarria litzateke oraingoan ere muzin egitea Legebiltzarraren deiari”.

@ehbildu_legebil