Jone Goirizelaiak azaldu du preso politikoekin hartutako konpromisoa dela, euren oinarrizko eskubideak errespetatzen direla bermatzeko eta beste Bateragune bat galarazteko, Katalunian oraingoan. Guztiak aske uzteko eskaria berretsi eta Estatuaren mendeku gosea salatu du.

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrak ordezkaritza bat bidal dezan, begirale gisa, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketara, Auzitegi Gorenak euren eskubideak eta berme judizial guztiak zorrotz errespetatzen dituela ziurtatzeko. Jone Goirizelaiak azaldu duenez, “preso politiko katalanek beraiek hala eskatu ziguten urrian haiek bisitatzera joan ginen legebiltzarkideoi, eta guk konpromiso hori hartu genuen. Justizia espainolaren funtzionamendua ezagututa, eta Euskal Herrian, zoritxarrez, primeran ezagutzen dugu, ez da harritzekoa preso katalanak euren oinarrizko eskubideak urratuko diren beldur izatea. Euren eskaria guztiz ulergarria da eta gure obligazioa haien alboan egotea da, bat eginik, beste Bateragune bat gerta ez dadin, Katalunian oraingoan”.

Auzitegi Goreneko Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak susmo horiek baieztatu eta areagotu dituzte gainera, “independentista katalanei egotzi nahi dizkieten delituak eta horren ondorioz eskatu dituzten zigorrak zentzugabeak direlako ikuspuntu juridiko batetik”. Legebiltzarrak hala salatzea proposatu du EH Bilduk, Estatu espainolak agerian utzi duelako haren benetako izaera antidemokratikoa. “Politika egiteagatik eta boto-emaileen agindua betetzeagatik kondenatu nahi dituzte, mendekua baino ez dute bilatzen, ez Justizia”.

Zentzu horretan, Goirizelaiak sinatutako proposamenak dio “Estatu espainolean Justizia instrumentalizatzen ari dela Zuzenbidearekin zerikusirik ez duten helburuak lortzeko asmoz”, eta preso politiko katalanak berehala aske uzteko eskatzen du. Halaber, Kataluniako gatazka politikoa denez, konponbideak ere politikoa izan behar duela aldarrikatzen du. “Politikoki bakarrik konpondu behar da, demokratikoki, Kataluniako herriari haren etorkizuna askatasunez erabakitzen utzita”.

@ehbildu_legebil