Jaurlaritza ez da neurria ematen ari auzi honetan, salatu du EH Bilduk. “Legebiltzarrak ontziolaren aktiboak erosteko operazioa babesteko txosten juridikoa eskatu zion, esku-hartze publikoa bermatzeko, baina haren inakzioa justifikatzea helburu duen informe bat igorri digu”.

EH Bilduren iritziz, Van Oord Herbehereetako armadoreak ‘Vox Alexia’ dragaontzia Navalen ez bukatzea erabaki duela iragarri ostean, Jaurlaritzak erantzukizunez jokatu eta bere gain hartu behar du orain Sestaoko ontziola salbatzearen ardura. “Lakuak ekimen politikoa hartu behar du egoera kritikoa delako”, adierazi du Iker Casanovak Van Oorden erabakiaren berri izan ondoren.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Jaurlaritzak ez duela neurria eman Navalen orain arte, eta horren isla da gaur bertan Legebiltzarrari igorri dion txosten juridikoa. “Lakuak ez du bete Ganbarak urriaren 11n eman zion agindua. Parlamentuak txostena eskatu zion administrazio publikoek Navalen aktiboak erosteko operazioa babesteko ikuspuntu juridikotik, ekonomikotik eta industrialetik, baina, horren ordez, esku-hartze publikoa ahalbidetu eta bermatu ordez, Jaurlaritzaren inakzioa justifikatzeko txostena ekarri digute”. Horri jarraiki, Casanovak kezkagarritzat jo du Gobernuaren jokaera, “Navalen denbora agortzen ari delako eta Lakuak erabakiak hartu gabe jarraitzen duelako”.

EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi du ezinbestekoa dela Jaurlaritzak, sektore pribatuarekin batera, alternatiba bat artikulatzea ontziolaren bideragarritasun industrial eta ekonomikoa bermatzeko. “Naval bideragarria da eta Jaurlaritza ezin da zain geratu, itxoiten, ea inbertitzaile pribaturen bat agertzen den enpresa salbatzeko; askoz gehiago egin behar du, ontziolaren kontrola bere gain hartuko lukeen elkarte pribatua sortzen lagundu behar du, parte-hartze publikoarekin”.

Casanovak hala exijituko dio berriz ere etzi, Kontrol Bilkuran, Ekonomiaren Garapen sailburuari, galdera egingo baitio haren asmoak argitzeko. Bitartean, kalean ere izango da EH Bildu, Naval salbatzeko borrokan, bertako langileek biharko deitu duten manifestazioan.

@ehbildu_legebil