Talde parlamentarioek Gasteizko hamar ikastetxe bisitatzea proposatu du bertako eskola komunitatearen kezka eta aldarrikapenak lehen eskutik jasotzeko eta elkarrekin segregazioaren aurkako neurriak bultzatzeko.

Jaurlaritzaren hezkuntza politikak ez die erantzun egokirik ematen Gasteizen ikastetxeek aniztasunaren kudeaketaren alorrean dituzten erronkei, eta faktore sozial eta ekonomikoen ondorioz zailtasun handienak dituzten ikasleen segregazio prozesua gero eta nabarmenagoa da ikastetxe batzuetan. Gasteizen eskola segregazioa integrazioa eta kohesio soziala arriskuan jartzen duen arazo larria dela jabeturik, EH Bilduk ekimena hartu du Legebiltzarrean eta proposamena egin du “arazoari heltzeko eskola komunitatearekin batera, gurasoekin, irakasleekin eta ikasleekin elkarlanean, euren kezkak eta aldarrikapenak lehen eskutik jasotzeko eta konponbidea elkarrekin bilatzeko, segregazioaren aurkako neurriak adostuta”, Rebeka Uberak azaldu duenez. “Aniztasunaren trataera inklusiboa ezinbestekoa da, aniztasunak dituen erpin guztietatik eta ikuspegi integral batekin”.

Horretarako, EH Bilduko legebiltzarkideak galdegin du Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeko kideak, talde parlamentario guztiak, Gasteizko 10 ikastetxe bisitatzera joan daitezela. “Horrek alderdi guztioi aukera emango digu segregazioaren arazoa pairatzen ari diren ikastetxeen errealitatea zuzenean ezagutzeko, bertako familia eta profesionalen iritziak eta eskakizunak lehen eskutik jasotzeko eta neurri zuzentzaileak haiekin kontrastatzeko eta adosteko”.

Uberaren iritziz, “bistakoa da Jaurlaritzaren hezkuntza politikak ez direla gai izan aniztasun soziala behar bezala kudeatzeko; ikastetxe publiko batzuetan gertatzen den hainbat faktoreren kontzentrazioak hala frogatzen du, sare publiko eta itunpekoaren arteko desoreka agerian utzita”. Legebiltzarkideak horrek duen arrisku handiaz ohartarazi du, “hezkuntza sistema utzi egiten ari zaiolako aukera berdintasun, kohesio sozial eta integraziorako tresna eta berme izateari; egoera hori lehenbailehen zuzendu behar dugu; bestela, ondorio sozialak benetan larriak izango dira”.

@ehbildu_legebil