Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena bateratzeko duten ideiaren aurrean, EH Bilduk integrazioaren inguruko bere zalantzak mahaigaineratu ditu. Proiektuak “argi-ilunak” dituela iritzi du koalizioak. Gaur goizean, EH Bilduko batzarkide Jon Albizuk, Kultura Batzordean, gai honen inguruko azalpenak eskatu dizkio Kultur diputatu Denis Itxasori. Albizuk adierazi du horrelako integrazioak proposatu baino lehen, “zenbait kontu argitu behar direla, herrialdeko eta hiriburuko kultur ekipamenduaren kalitatea bermatzeko”. Albizuk, gaineratu du “egunero 3.000 erabiltzaile dituen horrelako azpiegitura batek, hausnarketa sakon bat behar duela alderdi, langile eta erabiltzaileen aldetik”.

Donostiak kultur azpiegitura bat galtzeko kezka agertu du EH Bilduk. “Parte Zaharreko bizilagunek erabiltzen duten liburutegia desagertuko da. Nora joango dira, orduan?”, galdetu du Albizuk eta, aldi berean, gehitu du “paradoxikoa” dela 2016. urtean, Kulturaren Hiriburutzaren urtean, administrazioek kultur egituren amortizazioa proposatzea. Zentzu honetan, Albizuk gogoratu du 2015. urtean Diputazioak Kalostra itxi zuela. “Badirudi kulturaren aldeko apostua egin beharrean, kontrakoa egiten dela”, esan du EH Bilduko batzarkideak.

Albizuk Itxasori zenbait galdera egin dizkio aipatutako bi liburutegien inguruan. Beste gauzen artean, galdetu dio ea zer gertatuko den Koldo Mitxelenako funts historikoarekin bi liburutegiek bat egin ondoren; ea kaleratzerik izango den eta ea Koldo Mitxelena izaera nazionaleko liburutegia izateko akordioak bere horretan jarraitzen duen.

Itxasoren erantzunen zehaztasun ezaren aurrean oso kritiko azaldu da Albizu. “Kultur diputatuak kea saldu nahi izan digu, baina ez du ezer erantzun. Berebizikoa da Foru Aldundiak operazio honen inguruan beharrezko azalpen guztiak ematea. Ezin dugu onartu gipuzkoarrek kalitatezko kultur azpiegitura gehiago galtzerik”, bukatu du Albizuk.