Txosten hau da bankuek egingo luketena GHKren aurkako neurriak hartzeko erabakia hartuko balute, ez da GHKk egingo zuen defentsa juridikoa.

EAEko Kontu epaitegiak pasa den legealdiaren azterketa sakona egin zuen eta eta egindakoa ondo zegoela ondorioztatu zuen.

GHKren azken urteotako kudeaketan benetan onartezina dena 2011ko otsailaren 3an bankuekin sinatutako klausulak dira

Gaur goizean GHKren batzarra egin da, eta beste gauza batzuen artean, Garrigues abokatu bufeteak bankuen interesak defendatzeko egindako txosten bat onartu dute. EH Bilduk, noski, aurka eman du botoa eta, GHKren gaur egungo agintariek egin ezean, Gipuzkoarren interesak eta, batez ere, gipuzkoarren osasuna defendatzeko prest agertu da EH Bildu. Izan ere, gaur ikusi da GHKren batzarra “beste aldera” pasatu dela, bankuen aldeko lubakira, hain zuzen ere.

Ustezko ez-betetze hauek, bankuek, beraien interesak defendatzeko, GHKren aurkako epaiketa batean egingo lituzketen akusazioak izango lirateke. Baina badaude argudio nahikorik bankuen akusazioei aurre egiteko eta gipuzkoarren interesak defendatzeko, GHK-k eskura dituen bitarteko legalak erabiliz. Paradoxikoa da GHKk onartu duen txosten horretan ez azaltzea GHKren interesak defendatzeko zein bide judizial jorratuko liratekeen eta bakarrik agertzea GHKren aurkako balizko iniziatibak, non eta GHK-k eskatutako txosten batean. Horiek horrela, GHKko gaur egungo batzarrak ez baditu bere interesak eta gipuzkoarrenak defendatzen, guk egingo dugu, dugun informazioa emanez eta gure eskuetan ditugun bitarteko juridikoak erabiliz.

Edozein kasutan, argi eta garbi esan behar da txosten honen errekorridoa hutsaren hurrengoa izango dela, ez duelako ez hanka ez bururik. Adibidez, EAEko Kontu epaitegiak pasa den legealdiaren azterketa sakona egina du eta ez du inolako ezbetetzerik aipatu. Ezta Deloittek urtero egiten zuen auditorietan ere.

GHKren azken urteotako kudeaketan benetan onartezina dena 2011ko otsailaren 3an bankuekin sinatutako klausulak dira. Esaterako, erakunde publiko batek ezin du sinatu etorkizunean “marko legala” ez dela aldatuko, demokrazian, lau urtero “marko legalak” aldatzeko hauteskundeak egiten direlako. Eta erakunde publiko batek ezin ditu Swap-ik sinatu, produktu finantzario toxiko hauek bakarrik bankuei mesede egiten dietelako.

Milaka eta milaka gipuzkoar Donostiako erraustegiak osasunean eragingo duen eraginagatik oso kezkatuak daudenean, eta egunetik egunera erraustegiaren aurkako protestak zabaltzen doazenean, horrelako txosten bat onartzea iritzi publikoaren arreta desbideratzeko saiakera bat besterik ez da. Igandean Donostian egindako mobilizazioan ikusi genuen moduan, saiakera antzua izan da, gipuzkoarrontzat lehenengoa gure osasuna eta, batez ere, gure seme-alaben osasuna delako.