Gipuzkoako Batzar Nagusiak erretiroko gutxieneko pentsio duinen alde agertu dira gaur Osoko Bilkuran, eta Estatu espainoleko Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari erretiratuta dauden pertsonei bizibaldintza duinak ziurtatzea exijitu diete. “Mundu guztiarentzako pentsio onak nahi baditugu aurrekontu orokorretatik ordaindu beharko dira, bai ala bai. Eta ez dugu zertan itxoin behar pentsio sistema propioa izan arte”, adierazi du EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinok.

Proposamena EH Bilduren ekimenez aurkeztu da eta Ahal Dugu taldearekin adostu da. EAJk eta PPk, aldiz, ezezko botoa eman dute, eta PSE abstenitu egin da. Merino pozik agertu da ebazpena onartua izan delako, Eusko Legebiltzarrean atzera bota baitzen. Izan ere, gogoratu duenez, “EH Bilduk pentsio duinen aldeko lege proposamena aurkeztu zuen Eusko legebiltzarrean. Horretarako legezko eragozpenik ez zegoen, hau da, borondate politiko kontua zen. Besterik ez. Baina, bi eskuinek, PNV eta PPk, batera eman zuten bozka, eta ez zen onartua izan. Berriro ere, klase interesak atetik sartzen direnean, aberria lehiotik ateratzen da”.

Ebazpenaren arabera, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aldarrikatzen dute pentsioen sistemaren iraunkortasuna bermatu behar dela aurrekontu orokorren bitartez, eta Estatu espainoleko Gobernuari eskatzen diote gutxieneko pentsio duinak ezartzeko, erretiratuta dauden pertsonek pobreziaren atalasetik kanpo bizitzeko aukera izan dezaten. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote, gaur egungo egoera aldatzen ez den bitartean, Pentsio Sistema Espainolak ordaintzen dituen erretiro pentsioak osatzearen erantzukizuna bere gain har dezala, erretiratuei bizibaldintza duinak ziurtatuko dizkien prestazio osagarri baten bidez. Prestazio horrek Euskal Autonomia Erkidegoko bataz besteko soldata garbiaren %60ra iritsi behar du.

Ernesto Merinoren hitzetan, “181.903 pentsiodun daude Gipuzkoan, eta bataz besteko pentsioa 1.095,59 eurokoa da. Horrek esan nahi du ozta-ozta iristen dela pobreziaren atalasera, baina pentsioen artean hainbesteko aldea dagoenez, horrek ere adierazten digu pentsio asko eta asko pobreziaren atalasetik beherakoak direla. Esaterako, alarguntsaren bataz besteko pentsioa Gipuzkoan 747,55 eurokoa da. Autonomoen kasuan, 773,29 eurora jaisten da eta, erregimen berean, alarguntsarenaren bataz bestekoa 523,48 eurora. Eta askoz txikiagoak ere badaude”.

Bestalde, EH Bilduko Ainhoa Beola batzarkideak Kutxabanken pribatizazioaren kontrako ebazpen proposamen bat aurkeztu du, Podemos-Ahal Dugu taldearekin batera. Beolak salatu du “euskal kutxak likidatzea eta akzioak akziodun pribatuen eskuetan bukatuko duten bakua sortzea iruzurra dela euskal gizartearentzat”. Hortaz, eskatu du kutxen legearen proiektua baztertzea, eta euskal sistema finantzarioa propioa aldarrikatu du, euskal kutxen izaera publiko eta soziala mantenduz. Ebazpena, baina, ez da aurrera atera EAJ, PSE eta PPk kontra bozkatu dutelako.

Bestetik, Judit Garcia batzarkideak salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak murriztu egin duela euskarazko hedabideei zuzentzen zaien publizitate instituzionala. Aldundiak 700.000 euro bideratuko ditu hedabideetako publizitate instituzionalera 2016an. Diru kopuru horren herena bakarrik zuzenduko zaie euskarazko hedabideei. Beraz, 2015. urtean eman zenaren erdia baino gutxiago bideratuko da aurten: “Horrek esan nahi du Diputazioak bigarren mahaian kokatzen dituela euskarazko hedabideak, ez die aitortzen merezi duten errekonozimendua. Euskarazko hedabideak dituzten zailtasun erantsiak handiak dira: euskara hizkuntza gutxitua den heinean ez dute baldintza berberetan lehiatzen gainerako hedabideekin. Era berean, ezinbesteko funtzio soziokulturala betetzen ari dira. Horregatik, administraziotik sustatu behar dira apustu garbiarekin”.